Eguberri ondorenari festa egun betearekin erantzungo diote aurten ere Zestoan datorren asteartean, abenduaren 26ko Zoroperi egunarekin.
Goizean hasi eta gauera arte, ekintzaz betetako jai egitaraua aukeran izango dute zestoarrek eta herrira joaten direnek. Goizean lehen sektoreari lotutako azoka, lehiaketak eta dastaketak nagusi izango dira plazan; artisauen, taloen eta bestelakoen salmenta postuak ere jarriko dituzte, eta berrikuntza gisa, Urepeleko produktuekin osatutako postu bat ere bai, bi herrien arteko senidetzari keinu eginez.
Arratsaldean, bertso-poteoan ibiliko dira batzuk Naia Arrizabalagarekin eta Aitor Mendiluzerekin; eta Kiki, Koko eta Mokoren ikuskizunean besteak, Kultur Etxeko aretoan. Eta gauean, musika ere aukeran izango da: Obaneukek dantzarako gonbita egingo die udaletxe azpira joaten direnei, afal aurretik lehendabizi eta 22:00etatik aurrera ondoren; eta Gaztetxean, saioa eskaniko du M&M DJak.
Egitaraua
Hona hemen, Zoroperi eguneko egitarau osoa:
- 10:00.
- Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- XXXII. Barazki eta Fruta lehiaketa.
- Urolako XXIV. Ezti lehiaketa.
- Erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa (azalpenak, 12:30etik aurrera).
- Erlauntzako produktuen dastaketa.
- XXIII. Zestoako Sagardo lehiaketa.
- Segurako talogileak, herriko eta kanpoko artisauak, eta salmenta postuak.
- 11:00. Trikitilarien kalejira.
- 12:00. Trikitilarien emanaldia, plazan. Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
- 12:45. Barazki eta Fruta, Ezti, eta Sagardo lehiaketetako sari banaketak.
- Ondoren, sagardo dastaketa, plazan.
- 14:30. Gaztetxean, baba jana eta Gaztetxearen aldeko argazkia.
- 17:00. Bertso-poteoa, plazan hasita, Erniarraitzek antolatuta. Bertsolariak: Naia Arrizabalaga eta Aitor Mendiluze.
- 17:30. Bizi-bizi zirkua, Kiki, Koko eta Mokorekin, Kultur Etxeko aretoan.
- 19:30. Obaneuke erromeria taldea udaletxeko arkupeetan, afalordura arte.
- 22:00.
- Obaneuke, arkupeetan.
- M&M DJa, Gaztetxean.