Musikaz eta magiaz betetako egunak ospatzeko pronto daude Zestoan ere. Hori horrela, datozen asteetan urtea ondo amaitu eta hobeto hasteko jarduerak izango dituzte herrian: hala nola Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita, Gabon abesbatzaren eta Musika Bandaren kontzertua, San Silbestre lasterketa eta Errege Magoen kabalkada antolatu dituzte.
Gabon egunean, hilaren 24an, kontzertu berezia eskainiko dute Gabon abesbatzak eta Zestoako Musika Bandak. 13:00etan arkupetan emango diote hasiera emanaldiari, eta musikariez gain, bertan izango dira Beñat Etxabe eta Jagoba Astiazaran zuzendari lanetan.
Zestoako Musika Banda izango da kontzertuari hasiera emateko arduraduna, eta guztira bost abesti eskainiko ditu. Ondoren, bi kanta abestuko dituzte abesbatzako kideek, eta, amaitzeko, bost abesti interpretatuko dituzte bandak eta abesbatzak elkarrekin. Horrenbestez, guztira hamabi abesti izango dira eskainiko dituztenak: Ukranian Bell Carol, Hallelujah, A Jazzy Christmas, Oi Bethleem, Jingle Dances, Haurtxoa Troxatzen, Haur Eder Baten Bila, Olentzero, Hator hator, Altxa Pello Artzaia, Gaueko Izar, Gaboneco afari on bat.
Ilundu aurretik, 17:30ean, Lau Iturritik iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi. Trikitilariekin eta gainerako herritarrekin batera kalejiran zeharkatuko dute herria, eta behin plazara iritsita, suaren bueltan Dringilin Dron abestia kantatuko dute. Gaztetxoek, gainera, Gaztelekuan egindako Olentzeroren panpinak aterako dituzte plazara. Jarraian, haurrek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak emateko aukera izango dute.
Ohikoa den moduan, aurten ere abenduaren 31n San Silbestre lasterketa korrituko dute herrian. Korrikalariek izena egunean bertan eman beharko dute, plazan.
Urtarrilaren 5ean, Errege egunaren bezperan, 18:30ean Errege Magoen desfilea iritsiko da herrira. Hiru Erregeak eta laguntzaileak Akoa aldetik sartuko dira herrira, gozokiz betetako poltsekin.