2027rako udal aurrekontuari hasierako onespena eman zioten atzo arratsaldean azaroko ohiko udalbatzarrean, Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE udal taldeen aldeko botoekin; EH Bilduk, aldiz, kontra bozkatu zuen. Hori horrela, Zarauzko Udalak 59.480.000 euroko aurrekontua proposatu du datorren urteari aurre egiteko; Zarautz-Lur erakundearen sarrera-gastuak kontuan hartuta. 2027. urtean aurten baino ia 7 milioi euro inguru gehiago.
Iker Basurko Ogasun eta Finantza zinegotziak udalbatzarrean nabarmendu zuen aurrekontu hauek "legealdiko azkenak" izango direla. Era berean, gogoratu zuen ordenantza fiskalak eguneratzeak eta Foru Funtsetik jaso beharreko zenbatekoa handitzeak "aurrekontua orekatzen lagunduko" dutela. Izan ere, Foru Funtsa aurrekontuko sarrera arrunten %20a da, eta zergak eta tasak %19a.
Gastuei dagokienez, Basurkok nabarmendu zuen 1. kapitulua eta 2. kapitulua igo direla gehien, langile gastuak eta ondasun arrunten eta zerbitzuen gastuak. Gainera, gastuak "ondo kudeatzea eta kontrolatzea garrantzitsua" izango dela adierazi zuen, "lizitatutako eta lizitatzeko dauden zerbitzu kontratuetan eraginkortasun handiagoa lortzen saiatuz".
Inbertsio garrantzitsuenak
Ogasun eta Finantza zinegotziak azaldu zuen "proposamenak gure legegintzaldiko programaren ildotik" joango direla, eta hori guztia, "herritarren beharretara eta finantzaketa aukeretara" egokituko dela. Aurten, inbertsio guztiak sartu dira: "udalaren funtzionamendurako beharrezkoak direnak, eta baita datorren urtean egingo ditugunak edo egitea garrantzitsutzat jo ditugunak ere".
Ikuspegi ekonomikotik, garrantzitsuenen artean honako hauek daudela adierazi du Basurkok: Urban Klima proiektua Munoan, Gurmendi kalea berrurbanizatzea, Munoako zoladura aldatzea, aparkalekuak egokitzea, haur parkeak berritzea, kiroldegia estaltzea, Santa Klararen egokitzapena, EZEren kontratazioa argiztapen publikoa hobetzeko, padel pistak Astin, hiri autobusean ontziratutako sistemak, Iñurritza jubilatuen elkarteko igogailua, eta azkenik, HAPOaren berrikuspenaren aurrerapena eta Astiko kirol eremua handitzeko lursailak erostea. 2027ko aurrekontu proposamena Udal Gobernuak aurten egin duen lanari jarraipena ematera bideratuta dagoela azpimarratu zuen Basurkok, eta horrek, "zalantzarik gabe", Zarautzek azken hamarkadan izan duen hobekuntza orokorrak zarauztarron bizi kalitatean "eragin zuzena" izango duela.
PSE-EEko bozeramaile Inaxio Ilarramendik nabarmendu zuen aurrekontuak "inoiz baino gehiago" direla, eta iazkoarekin alderatuta %14 igo dela. Era berean, proposatutako inbertsio eta gastuek "Zarautzek behar duen azken bultzada horri erantzuna" ematen diola adierazi zuen: "Ziur gaude 2027an herritarrei Zarautz hobeago bat utziko diogula, eta konpromisoa hartzen dugu gaur".
Kirolari dagokionez, PSE-EEk aurten eta datorren urterako inbertsio desberdinak jarri dituela martxan nabarmendu zuen Illarramendik. Alde batetik, aste honetan hasi dituzte futbol zelai berriko lanak, eta datorren urterako zelai artifiziala egongo da bertan. Bestetik, "padel pisten proiektua amaitzear daukagu, eta datorren urtean milioi bat euroko obra hau egin nahiko genuke", adierazi zuen Illarramendik. Kiroldegiko estalpeari dagokionez, proiektua eginda dagoela eta lizitaziora eraman dela azpimarratu zuen PSE-EEko bozeramaileak. Proiektu honen zenbatekoa 320.000 eurokoa da. Era berean, elkarteei dirulaguntzak igo dizkietela nabarmendu zuen Illarramendik, eta 2027an EKE programa martxan jarriko dutela. Programa hau "kirol egokituko eskola kiroletako programa berri bat" izango da. Bertan, "zarauzko behar biziko haurrek programa berezi bat izango dute kirolean hasi ahal izateko". Ingurumenari dagokionez, Arboletoa guztiz amaitzea eta Erantzun Berde Urdineko inbertsioak izango dira nagusienak. Gainera, animalien ongizatean ere diru partida igo da.
Garbiñe Oiarbide Partaidetza, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azpimarratu zuen 2027ko aurrekontuek hiru eginkizun dituztela: urte hauetan egindako lanari jarraipena ematea, agintaldi honetan hartutako konpromisoak gauzatzen jarraitzea eta datozen urteetarako proiektu berriei bidea irekitzea. Gainera, Oiarbidek adierazi zuen "garrantzitsuena baliabide horiek zertara bideratuko" diren eta "zein herri ereduri erantzuten dioten" jakitea dela. "Zarautz solidarioa, berdinzalea eta bere nortasuna zaintzen duen herria izaten jarraitzea nahi dugu, eta horretarako 4,4 milioi euro baino gehiago bideratuko ditugu gizarte zerbitzuetara, zaintza, gizarteratzea, eta behar handienak dituzten pertsonei arreta eskaintzera", azpimarratu zuen Oiarbidek. Era berean, euskararen, kulturaren, berdintasunaren, hezkuntzaren eta gazteriaren aldeko apustuari eutsiko diotela nabarmendu zuen, "gure herri eta komunitate izaera sendotzeko".
Oposizioa harrituta, "negoziaketa ezagatik"
EH Bilduko bozeramaile Garazi Olaizolak harridura adierazi zuen Udal Gobernuaren aurrean, eta EH Bilduk ez duela emendakinik aurkeztuko. "Aurrekontu hauekin harrituta gaude, nola eraman den negoziaketa, edo negoziaketa eza", nabarmendu zuen Olaizolak. Gogorarazi zuen aurrekontuez hitz egiten hasteko bilera bakarra egin zutela azaroaren 2an Ekonomia zinegotziarekin eta bi teknikarirekin. Hori horrela, hasieran ez zutela dokumentaziorik izan kritikatu zuen: "Bilera horretan arlo teknikoaz soilik hitz egin zen, eta inbertsioen kasuan ia ezer ez zen aipatu. Gainera, 15 milioi euro inguruko kantitatea izango zuela izan zen komentatu zen gauza bakarra".
"Beste urteetan behintzat itxurakeria eta gurekin negoziatzeko intentzio txikiren batzuk agertu dia, baina aurten ez da horrelakorik izan, eta egia esan, harrituta gaude", azpimarratu zuen Olaizolak. EH Bilduren "proposamen eza guztiz zuen jarrerari lotutako izan dela" adierazi zuen. Era berean aurrekontuak iaz baino 7 milioi euro gehiago izango dituela nabarmendu zuen EH Bilduko bozeramaileak, "eta noski, hau zuentzat berri ona izango da". Olaizolaren hitzetan, inbertsio guzti hauek mailegu batekin finantzatzen dira, 15 milioi euro inguruko mailegu batekin, eta kasu honetan, "mailegu edo kreditu fiktizio bezala ezagutzen den formula batekin". Hau "aurrekontuak koadratzeko" izaten omen da, eta gerora "ez da eskatuko gerakinean 18 milioi euro ingururekin bukatuko dugulakoan".
Gerakin hau nola sortzen den azaltzea garrantzitsua iruditzen zaiela adierazi zuten, izan ere, "aurreko urtean egindako inbertsio asko ez direlako gauzatu izan da hau". "Orain hauteskunde urtea, eta azken urtea dela kontuan izanda, kasualitatez, egin ez diren proiektu guztiak berriro agertzen dira", nabarmendu zuen Olaiozak. Errealitatean 2027an proiektu hauek aurrera aterako diren edo ez ez dakitela azpimarratu zuten, izan ere "berriro gerakinera joan daitezke" eta "ez dakigu aurrekontu hau erreala den edo puztuta dagoen".
Gainera, gogorazi zuen udaletxea zorpetzea erabaki dela urte honetan, eta "orain benetako mailegu bat eskatzea erabaki da, ez mailegu fiktizio bat, benetakoa, eta 12 milioi euroko mailegu bat izango da". Olaizolare hitzetan, "zarauztarrentzat honek 2027an 431.500 euro interesetan ordainduko ditugula esan nahi du, eta milioi bat inguru amortizaziotan". Hori horrela, Udal Gobernuak zor bizia handitzea erabaki duela nabarmendu zuen, eta hori "datorren legealdiak jasan beharko" duela. Mailegu hori beharrezkoa izango balitz, eta esaterako, etxebizitzarentzat bideratuko balute, agian ados egongo liratekela adierazi zuen Olaizolak, eta zarauztarrek 12 milioi euro horiek zertarako erabiliko diren jakitea merezi dutela.
"Konpromiso horiek hartzeko prest zaudetela ikusi dugunean hitz egin dugu eta parte hartu dugu, proposamen desberdinak eginez", nabarmendu zuen Olaizolak, "horietako batzuk onartu izan dira eta beste batzuk ez". EH Bilduk argi eta garbi dio oraingo honetan hori ez dela horrela izan "inondik inora", eta "erabaki politikoa" izan dela proposamenik ez egitea.
Bizitegi gune tentsionatu izendatzeko eskaera, onartuta
Udalbatzarrak aho batez onartu zuen Zarautz bizitegi gune tentsionatu izendatzeko eskaera, baina pleno aretoan ere tensio uneak bizi izan ziren. Garbiñe Oiarbidek adierazi zuen datozen hiru urteetarako Etxebizitza Planak lau ardatz nagusi dituela.
Oiarbidek jakitera eman zuenez, alokairu eskuragarria sustatzea da ardatz nagusietako bat. Hori horrela, "udalak babes publikoko etxebizitzen eskaintza handitzen jarraituko du, etorkizunean etxebizitza babestu gehiago eraikitzeko lurzorua prestatzen". Era berean, dagoeneko eraikita dagoen etxebizitza parkearen gainean jardungo dute, besteak beste, etxebizitzak birgaitzeko laguntzak, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, baserriak eta etxebizitza handiak zatitzeko aukerak… Gainera, etxebizitza eskuratzeko laguntzak indartzea izango da ardatzetako bat, hau da, emantzipazioa errazteko eta egoera zaurgarria dauden pertsonei eta familiei zuzendutako laguntzak. Eta azkenik, erakundeen arteko elkarlanak, herritarrentzako aholkularitzak eta planaren jarraipenak berebiziko garrantzia izango du. "Arazo honi aurre egiteko beharrezkoa da erakunde bakoitzak bere aldetik heltzea eta, horretarako udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Alokabideren eta Visesaren arteko elkarlana ezinbestekoa da", azpimaratu zuen Oiarbidek. Era berean, herritarrei eskura dituzten baliabideen berri eman behar zaiela, horretarako, Etxebizitza Bulegoaren zerbitzua beharrezkoa zela nabarmendu zuen. “Gaur onartzera dakarguna ez da izendapen bat lortzeko eskaera hutsa. Zarauzko etxebizitzaren arazoari ikuspegi integral batetik heltzeko lan-plana da. Eta hor dago, guretzat, gaurko erabakiaren benetako balioa”, gehitu zuen Oiarbidek.
Inaxio Illarramendik, berriz, gogor kritikatu zuen EAJ. PSE-EEk bi sentimendu kontrajarri dituela adierazi zuen, alde batetik, poza, "behingoz Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko eskaera jarri dugulako udalbatza honetan", eta bestetik, haserrea, "berandu iritsi delako". Illarramendik nabarmendu zuen 2025ko otsailean ekarri zutela Zarautz eremu tentsionatu izendatu ahal izateko mozioa, eta mozio hori EH Bilduren babesarekin onartu zutela. "Ordutik 21 hilabete pasa dira, ia bi urte". "Gure ustez etxebizitzaren egoera hain larria den une honetan, familia batek ezin ditu 21 hilabete itxaron", azpimarratu zuen PSE-EEko bozeramaileak. Gainera, adierazi zuen "administrazioaren denborak eta zarauztarren beharrak ez direla erritmo berdinean joan".
Illarramendik datuak ekarri zituen atzo udalbatzara. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2026ko eta 2025eko lehen hiruhilekoak alderatuta, alokairuaren batez besteko prezioa jaitsi egin da, "Erreterian %7,7a, Irunen %3,9a eta Donostian %2,9a". Guztira dauden alokairuak, berriz, igo egin dira: Errenterian %1,6a, Irunen %2,1a, Donostian %1a, Zumaian %5a eta Usurbilen %6a. "Udaletxeak tresna hauek edukitzeak ondorio positiboak eduki ditzake", azpimarratu zuen Illarramendik. Gainera, gogor kritikatu zuen EAJk gune tentsionatuaren izendapenak ea alokairu parkean ondorio negatiborik izango zuen zalantzan jartzea, eta galdera bat luzatu zuen: "Non egongo litzateke Zarautz duela 21 hilabete gune tentsionatu izendatu bagenu?"
Xabier Txurruka alkateak irmo erantzun zion Illarramendiri. Zehazki, duela 8 urte Arriola jaunak Lanpardoko hitzarmena sinatu zuela gogorarazi zuen, eta "lotsagarritzat" jo zuen Eusko Jaurlaritzak "bere esku dagoena martxan jarri ez izana". "Lanpardok egina behar zuen, eta hau ez duzue bete, ezta Iritako hitzarmena ere", azpimarratu zuen Txurrukak. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak Zarautzen "azeleragailuari zapaldu" behar diola irmo adierazi zuen, "zarauztarren beharrak hor daudelako". "Zuri mina ematen badizu, pentsa niri", esan zion Illarramendiri.
EH Bilduko Ion Arozena zinegotziak adierazi zuen EH Bildutik urteak daramatzala Zarautz gune tentsionatu izendatzeko eskatzen. "Zarauztarrek izendapen honek zabaltzen dituen aukera desberdinak behar dituzte, gutxienez", nabarmendu zuen. Esaterako, "alokairuen prezioa mugatzea, edukitzaile handiak bost etxeetatik aurrera definitzea, edo etxebizitza turistiko berrien irekiera debekatzea". Datuak argiak direla esan zuen, izan ere, "salerosketa prezioak %24 igo dira 2019tik, legeak ezartzen duen %22,4ko atalasetik gora". Gainera, "2.882 pertsona daude Etxebiden izena emanda Zarautzen, eta Zarauzko etxebizitza parkearen ia %21a ez da ohiko bizileku". "Etxebizitzaren egoera larria da eta ez gara gu izango urrats hau azeratuko dutenak", irmo adierazi zuen,.
Era berean, urrats hau berandu datorrela nabarmendu zuen, "oso berandu". "2023an gure mozio baten ondorioz egindako etxebizitza azterketa jaso bezain pronto, datua osatzea eta izendapena bideratzea eskatu genuen, eta ezezkoa jaso genuen", argitu zuen Arozenak. Hori horrela, duela 21 hilabete onartu zen PSE-EEk aurkeztutako eta EH Bilduk babestutako mozioa, eta "21 hilabete behar izan dira dokumentu hau plenora ekartzeko". "Ez dugu uste konplexutasun kontua izan denik, borondate politiko falta baizik", adierazi zuen EH Bilduk. Zarauzko errealitatea ezagututa gune tentsionatu izendatzea EAJren lehentasunetako bat ez izatea "ulertezina" iruditzen zaiela azpimarratu zuten.
EH Bilduk dokumentuak jaso zituenean ondo aztertu zituen, eta modu eraikitzailean proposamen zehatzak egin zituen, bai memoriarako baita ekintza planerako ere. Hala ere, hainbat hutsune ikusi zituzten bertan, esaterako, "datuak sexuaren arabera bereiztea eskatu" zuten, horrela, "etxebizitzaren arazoak emakumeengan duen eragina ikusi ahal izango genuke, edota ohiko bizileku ez diren 2.493 etxebizitza sailkatzea auzoz auzo benetan zenbat mobilizatu daitezken jakiteko". Ekintza planean ikusitako hutsuenen aurrean etxebizitza hutsen kanona aplikatzeko programa bat proposatu zuen EH Bilduk.
Garbiñe Oiarbidek gauzak bere testuinguruan kokatzea garrantzitsua dela nabarmendu zuen. "Bere garaian Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko mozioa aurkeztu zenean gu abstenitu egin ginen. Zergatik? Ez etxebizitzaren arazoa aitortzen ez genuelako, baizik eta mozio hartan planteatzen zen aukeretako batekin bat egiten ez genuelako", azaldu zuen Oiarbidek. Garai hartan eskura zituzten datuen arabera, Zarautz bi eremutan banatzeko aukera zegoela azpimarratu zuen zinegotziak, eta "bi eremu horietako bakar batentzat izendapena eskatzeko aukera planteatzen zen". Oiarbidek azaldu zuen EAJk ez zuela planteamendu horrekin bat egiten. Hori horrela, etxebizitzaren arazoa "Zarautz osoko arazoa" dela defendatu zuen. Gainera, beraien jarrerak "koherentzia osoa" izan duela adierazi zuen.
"Marbella baino garestiago"
Amillubi eremuko xehetasun azterlanaren behin betiko onespena onartu zuten atzo, EAJren eta PSE-EEren aldeko 12 botoekin, eta EH Bilduren kontrako 9 botoekin. Eremu honetan, 69 etxebizitza, horietatik 20 Udal etxebizitza tasatuak, autobus geltoki berria, aparkaleku publikoa eta ekipamendu publikora bideraturiko lokalak aurreikusten direla adierazi zuen Garbiñe Oiarbidek. Hori horrela, Amillubiren garapenak, Udal gobernu honek azken urteetan garatu duen Etxebizitza Planari jarraipena ematen diola nabarmendu zuen, "2016tik garatu diren Aldapeta, Salberdin eta Iñurritza bezalako promozioek, bidean dauden Lanpardo, Irita eta Amillubirekin batera". Zarautzen ia mila etxebizitza babestu sustatzeko aukera emango dietela adierazi zuen, eta horretan jarraituko dutela, "lanean, Zarautzek behar dituen etxebizitzak, zerbitzuak eta azpiegiturak egikaritzeko”.
EH Bilduko Garazi Olaizola bozeramaileak Zarautzen errealitate ukaezin bat dagoela nabarmendu zuen. Gainera, Zarautzek EAEko etxebizitza prezio garestiena, eta Espainiako Estatuko garestienetarikoa duela azpimarratu zuen, "7.000 euro metro karratutik gora". "Komunikabideetan portada izan gara: Marbella baino garestiago Zarautz. Guretzat herriaren etorkizuna kolokan jartzen duen amets gaizto bat da", adierazi zuen Olaizolak.
Era berean, etxebizitza publikoaren alde daudela nabarmendu zuen, "bai Iritan, baita Salberdinen ere". "Azpiegituraren alde gaude, autobus geltokiaren alde gaude, baina espekulazioaren kontra, eta are gehiago udal jabetzako lurzoruekin", irmo adierazi zuen. Amillubin udal jabetzako lurzoruan 65 etxebizitza inguru aurreikusi direla adierazi zuen, eta horietatik "19 bakarrik izango dira tasatuak". EH Bilduren hitzetan, "gaur hemen ixtera goazen eragiketa honen helburua lur publikoa etxebizitza libreak egiteko bideratzea da". "Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da, eta ez aktibo finantzario bat", gehitu zuen Olaizolak, eta galdera bat luzatu zuen: "Zenbatera salduko ditu enpresak etxebizitzak? 2.800 euro metro karratuetan HAPOak esaten zuen bezala, ala 7.000 euro metro karratutik gora?". "Etxebizitza guztiak tasatuak izango zirela bermatzea zegoen, legezko lurzoruen balioan saldu, eta 5 milioi inguru jaso", nabarmendu zuen EH Bilduren bozeramaileak.