Albistegia

Historia egiteko bidean

Gorka Eizagirre eta Enara Ariznabarreta

Bigarren urtez jarraian jokatuko dute ZKE Halterofiliako emakumeek Espainiako Kopako finala. Eta aurten, gainera, etxean arituko dira.

Zarautz Espainiako Estatuko halterofiliaren topagune izango da larunbatean. Emakumeen zein gizonen Espainiako Kopako finalak jokatuko dituzte Lizardi kirol aretoan, eta ZKE Halterofiliako emakumeen taldeak etxean lehiatzeko aukera izango du, bigarren urtez jarraian finalerako sailkatu ostean. Lide Mendizabal, Ainhoa Urkiola, Mara Monasterio, Lore Mendizabal eta Malen Monasterio dira Zarauzko taldeko kideak. Sailkapen fasean laugarren postua eskuratu zuten, eta finalean ariko diren hamabi taldeen artean sartu ziren.

Espainiako Kopako finalen jardunaldia 09:00etan hasiko da, gizonezkoen txandarekin. Emakumezkoen txanda arratsaldean izango da, eta ZKEko kirolarien parte hartzea 17:30 ingururako aurreikusita dago.

Finalera iristeko, denboraldian lau liga jardunaldi jokatu behar izan dituzte taldeek. Talde bakoitzean bost kirolari aritzen dira, eta lehiakide bakoitzaren emaitzak batuta erabakitzen da taldearen puntuazioa. Ligako fasearen amaieran, lehen hamabi postuetan sailkatzen diren taldeek kanporaketa jokatzen dute, Espainiako Kopako finalerako txartela lortzeko. ZKEko emakumeak iaz sailkatu ziren lehen aldiz finalerako, eta aurten ere helburua bete dute. "Finalean geundela jakin genuen unea izugarria izan zen", azaldu du Mendizabalek. Taldeak bazekien sailkatzeko aukerak zituela, baina azken jardunaldiko lana amaitu eta emaitza baieztatu zutenean ohartu ziren lorpenaren neurriaz.

Finala Zarautzen jokatzeak, gainera, are bereziago bihurtu du hitzordua ZKEkoentzat. Kirolariek ez dute beste herri batera bidaiatu beharko, eta etxeko jendearen aurrean lehiatzeko aukera izango dute. Mara Monasterioren hitzetan, Espainiako Kopako finalean herria ordezkatzea "opari bat" da, eta denboraldi osoan egindako lana etxekoen aurrean erakusteko abagunea ere bai. "Maila horretako txapelketa bat herrian egitea sari moduko bat da", gaineratu du. Urkiolak, berriz, klubak azken urteetan egindako bidea nabarmendu nahi izan du; haren esanetan, duela urte batzuk ez zuten halako mailako lehiaketa batean parte hartzeko aukerarik ikusten, baina egindako lanketari esker, lortu dute birritan finalera iristea.

Talde lana oinarri

Zarauztarren erronka ez da banakako markak hobetzea soilik izango, bakoitzak bere ekarpena egitea ezinbestekoa izango  baita. Hori dela eta, kirolariek argi dute elkarren arteko koordinazioa eta konfiantza funtsezkoak izango direla txapelketan. "Lehenik eta behin, taldeko lana ziurtatzera joango gara, elkarri kalterik ez egiteko", adierazi du Urkiolak. Hortik aurrera, bakoitzak bere markak hobetzeko aukera badute, horretan ere ahaleginduko bost kirolariak.

Kideen arteko harremana taldearen indarguneetako bat dela uste dute halterek. Malen Monasteriok azaldu du taldekide gehienak txikitatik ezagutzen direla eta elkarrekin hasi zirela halterofilian. Horrek entrenamenduetan zein lehiaketetan elkarri laguntzeko giroa sortu du: "Bata bestea animatzen ari gara une oro, eta harreman estu hori edukitzeak asko laguntzen du".

Gogor lanean

Prestaketa, berriz, denboraldian zehar egindako lanaren emaitza da. Kirolariek astean bost bat entrenamendu egiten dituzte, eta azken bi asteetan intentsitatea areagotu dute, larunbateko hitzordura ahalik eta sasoirik onenean iristeko. Malen Monasteriok azaldu du entrenamenduak egokitu egiten dituztela txapelketen arabera, eta azken egunotan "gogorrago" aritu direla. Imanol Zulaika entrenatzaileak jakitera eman duenez, ez dute prestaketa berezirik egin, beste lehiaketetan bezala aritu dira, taldea puntu onean iristeko lana antolatuz.

Zulaikak taldea ondo dagoela uste du, eta aurreko asteko Espainiako Junior Txapelketan egindako lana jarri du adibide gisa. Zarauzko taldea txapelketako gazteena izan zen, eta hala ere, taldeka txapeldun izatea lortu zuen. Emaitza horrek larunbateko finalari begira taldeak duen maila erakusten duela azaldu du teknikariak.

Historia egiteko gogoz

Finala jokatuko duten bost halterek "gozatzea eta ahalik eta lanik onena egitea" dute helburu, baina ez diote podiumari uko egiten. Sailkapen faseko laugarren postuak lehen hiru postuetan sartzeko aukera ematen diela uste du entrenatzaileak. Hala ere, taldearen emaitza hainbat faktoreren menpe dagoela gogorarazi du, baina "podiuma borrokatu" nahi dutela esan du. 

Entrenatzailearen arabera, taldekide bakoitzak bere indarguneak ditu, eta horiek taldearen mesedetan baliatzea izango da garaipenerako gakoa. "Batzuek altxaldi jakin batzuetan gaitasun handiagoa dute, eta beste batzuek, besteetan", dio Zulaikak. Hori horrela, guztien puntuak batuta lortu nahi dute emaitzarik onena.

Podiumera iristeak edo txapelketa irabazteak klubaren historian mugarri bat ezarriko luke. Zulaikak gogorarazi du 1968tik ari direla lanean Zarauzko halterofilia klubean, eta azken urteetan lortutako emaitzak aurreko garaietakoekin alderatuta historikoak direla. "Klub txiki bat ginen, eta hala izaten jarraitzen dugu, baina zergatik ez Espainiako onenen artean borrokan aritu? Amestu genuen, eta badirudi lortzen ari garela", adierazi du. "Irabazten badugu, lorpen oso handia izango da", gehitu du Galarragak.

Larunbatean, beraz, egindako lanaren fruituak erakusteko aukera izango dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide