Aurten erretiroa hartu duten merkatariek piztuko dituzte Gabonetako argiak

Eneko Eizagirre Perez

Gabonetako argiak Zarautzen.

Eva Lopez, Anabel Garzia, Elisabeth Aldabaldetreku eta Jose Migel Larrañaga merkatari ohiek piztuko dituzte aurtengo Gabonetako argiak. Ekitaldia ostiralean izango da 18:00etan Musika Plazan.

Ostiral honetan izango da Gabonetako argiak pizteko ekitaldia 18:00etan, Musika Plazan, eta herriko merkatarien ibilbidea jarri nahi izan dute erdigunean aurtengo ekitaldian. Turismo departamentuaren eta Murkil merkatari elkartearen ekimenez, aurten erretiratutako lau merkatarik piztuko dituzte herriko Gabonetako argiak.

Zarauzko merkataritzan egindako ibilbide luzea eta oparoa eskertzeko, bizi osoa Zarauzko dendetan lanean egon diren lau merkatari izango dira ekitaldiko protagonistak; Eva Lopez (Pedrosa), Anabel Garzia (JM Jostailuak), Elisabeth Aldabaldetreku (Eli oinetakoak) eta Jose Miguel Larrañaga (Benetako Berezia). Azken urteetan bezala, Hotz Zarautzek ere parte hartuko du hitzorduan, errefuxiatuei laguntzeko txokolate-solidario beroa banatuko du eta. Schola Cantorum koruak ere Gabonetako kantak abestuko ditu.

Ximenez Noreste S.L. enpresak jarriko ditu aurtengo argiak, guztira 69.454 euroko aurrekontuarekin. Aurten, biribilguneetako irudiak aldatzeaz gain, %100 kontsumo baxuko LED teknologiako bonbilek osatuko dute argiteriaren instalakuntza. Berrikuntza modura, Merkatu Plazako sabaia apaingarri berezi batekin jantziko dute, eta Amalurren jarriko duten Gabonetako parkean 18 metroko Gabonetako zuhaitz bat ere ikusi ahalko da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide