Ondharez Kultur Ondarearen Defentsa eta Sustapenerako Elkarteak Zarauzko ondare industrialari buruzko hitzaldia antolatu du ostegun honetarako. Saioan, Mitxelena kalean dagoen Arruti Altzarien eraikin zaharra izango dute aztergai, herriko industria-iraganaren eta arkitektura industrialaren adibide gisa. Hitzaldia Antoniano aretoan izango da, 19:00etan. Saioa gaztelaniaz eskainiko dute, eta sarrera librea izango da.
Ana Azpiri historialariak eskainiko du hitzaldia. Historian doktorea da, eta EHUko Arkitektura Goi Eskolako irakaslea Donostian. Zarauzko arkitektura industrialaren balioak aztertuko ditu, arkitektura modernoarekin dituen loturak azaltzeko. Besteak beste, Walter Gropius, Frank Lloyd Wright eta Alvar Aalto arkitektoen lanekin edota neoplastizismoarekin lotuko ditu garai hartako eraikinak.
Elkarteak azaldu duenez, ondare industriala ere herriko kultura-ondarearen parte da, nahiz eta sarritan ez diren ondare-elementu ezagunenak bezainbeste aintzat hartzen. Izan ere, Zarautzen industriak, bereziki altzarigintzak eta horri lotutako jarduerek, garrantzi handia izan zuten iraganean. Arruti, Itur eta Treku enpresak, esaterako, herriko industria-jardueraren erakusgarri dira.
50eko eta 60ko hamarkadetan, industrializazio azkarra eta handia garatu zen, merkatu babestuaren, inportazioen mugen eta klase ertainaren hazkundearen testuinguruan. Horrek lantegi ugari eraikitzea ekarri zuen, eta horietako batzuek industria-eraikinen ohiko funtzioaz harago joateko asmo arkitektonikoa izan zuten. TAF eta Electromecanique dira horren adibideetako batzuk.