Urriko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean udaletxeko batzar aretoan, eta bertan hainbat gai jorratu bazituzten ere, Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren espedientea izan zen protagonista nagusia. Udal bilkuraren hasieran hautetsiek minutuko isilunea egin zuten, Toledoko (Espainia) tren istripuko biktimen familiei eta gertukoei elkartasuna eta dolua adierazteko.
Aho batez onartu zuten atzo HAPOaren berrikuspenaren espedientea eta prozesu horretan parte hartzeko programa. Garbiñe Oiarbide Partaidetza, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azpimarratu zuen "Zarautzentzat garrantzi berezia" duen prozesua hasiko dutela. Gainera, Plan Orokorra datozen urteetan "nolako Zarautz" nahi den erabakitzen laguntzeko tresna dela, eta horretarako, "herritarren etorkizuna herritarekin batera" irudikatzea beharrezkoa dela gaineratu zuen Oiarbidek.
Prozesuaren lehen pausoak eman dituzte dagoeneko, Oiarbidek esan zuenez. Plan Orokorraren berrikuspena aukeratzeko taldearen lehiaketa egin zuten, eta lana esleitu ondoren, taldeak diagnosi fasea hasi du eta Herritarren Partaidetza Programa prestatzeari ekin dio. Gogorarazi zuen Partaidetza Programa ez dela osagarri huts bat, "funtsezko zati bat da". Horren helburua, Zarautz "herri bizia, orekatua, jasangarria eta bizitzeko atsegina" izatea dela azpimarratu zuen. Hori horrela, HAPOren berrikuspenak "non eta nolako etxebizitzak" behar diren, auzoak nola hobetu ditzaketen, ekipamendu publikoak non kokatu behar diren, mugikortasuna nola antolatu behar den, espazio publikoak, berdeguneak, ingurune naturalak nahiz herriaren nortasuna nola babestu behar dituzten erabakitzen lagunduko diela zehaztu zuen Oiarbidek.
PSE-EEko bozeramaile Inaxio Ilarramendik adierazi zuen lantzen hasiko diren Plan Orokorraren berrikuspenak "etxebizitza erdigunean" jarri beharko duela. Gogoraratzi zuen Plan Orokorra 2008koa dela, eta garai hartan, etxebizitza ez zela herritarren kezka nagusia, baina gaur egun bai. Halaber, helburu garbiak dituztela azpimarratu zuen: "Etxebizitza babestu gehiago egitea, auzoetako bizi kalitatea hobetzea, alokairu eskuragarria sustatzeko aukerak zabaltzea, eta gaur egun eraikita dagoen hori ere hobeto aprobetxatzea". Hori horrela, bide hori herritarrekin egin beharra dagoela azpimarratu zuen, eta udal talde denak "adostasun zabalak" izatera deitu zituen Illarramendik.
EH Bildu, kritiko
EH Bilduko bozeramaile Garazi Olaizolak bat egin zuen Oiarbidek aipatutakoarekin, eta azpimarratu zuen Plan Orokorra ez dela "dokumentu tekniko soil bat", baizik eta "herri eredu bat". Halaber, herritarren parte hartzearen programaren "balorazio ona" egin zuten: "Txukuna da, ondo antolatuta dago eta guk egindako ekarpen ia guztiak jaso dira dokumentuan". EH Bilduk denen artean egin beharreko lana dela azpimarratu zuen, eta elkarlanean aritzeko prest azaldu ziren.
Hala ere, koalizioa kritiko agertu zen atzo arratsaldean, eta gogorarazi zuen datozen hiru urteetan ez dela behin betiko onespenik izango, eta aldaketa puntualak izapidetzen jarraitu beharko dutela. Hau da esan zuena Olaizolak: "HAPOa prestatzen ari garen bitartean, herriaren eredua zatika erabakitzen jarraituko dugula ematen du". Horrez gain, EH Bilduren ereduarekin bat egiten ez duten hainbat erabaki kritikatu zituzten, Villa Elizabethekoa, esaterako. Nabarmendu zuten bertan ez dagoela ez etxebizitza babesturik, ez tasaturik, ezta alokairu sozialik ere, eta "familia batek negozioa egin duela".
Amillubiko kasuari ere heldu zion EH Bilduko hautetsiak, eta herriaren lurrak izan arren, eraikitzera doazen etxeen %70a libreak izango direla gogorarazi zuen: "Etxebizitza tasatuak %30a bakarrik dira. Zarautz Gipuzkoako metro koadro garestiena duen herria den honetan, lur publikoa esku pribatuetara eraman da berriro ere". Iritan egingo denarekin ados agertu zen berriro ere EH Bildu, izan ere, etxebizitza publikoak, zuzkidurakoak eta alokairu sozialera bideratukoak egingo dituztelako. Horregatik, ez dute ulertzen zergatik Amillubin ez den gauza bera egin.
Zarautzen turismo tasa %18,3koa dela ere nabarmendu zuen Olaizolak, "ia bikoiztu egiten dugu". Eskaintza turistikoaren %85a, hau da, 193 establezimendu 2017tik hona sortu direla gogorarazi zuen: "Hhirigintzak berandu erantzun du honetan, etxebizitzak ordaindu dute eta".
Olaizolaren hitzen aurrean, Illarramendik Villa Elizabeth lursail pribatua dela gogorarazi zuen, eta· bertan etxebizitza pribatuak egiteak ez duela "eragin negatiborik eragiten" etxebizitzen merkatuan. Amillubiri dagokionez, lursail publikoak etxebizitza babestura bideratzearekin ados daudela nabarmendu zuen PSE-EEko bozeramaileak, baina oreka beharrezkoa dela. Horrez gain, beraien ereduak, gutxi gorabehera, mila etxebizitza sustatu dituela adierazi zuen Illarramendik, horietatik "zati handi bat, babestuak". Xabier Txurruka alkateak ere erantzuteko tartea hartu zuen. Irita eta Amillubi "batera tramitatu" direla eta EH Bilduk Plan Aldaketaren aurka bozkatu zuela azpimarratu zuen. Hau da, "zenbakiek ematen" zutela, eta "osotasunean, bi planen artean, oreka hori osatzen" dutela gogorarazi zuen. Txurrukak nabarmendu zuen datozen urteetan egingo diren etxebizitza publikoak horiek izango direla.
Bi mozioak, onartuta
Bi mozio aurkeztu zituzten atzoko udalbatzarrean, eta horiek ere bozkatu zituzten. EAJk eta PSE-EEk arnasguneak zaintzeko eta indartzeko mozioa aurkeztu zuten, EH Bilduk bere aldetik, berriz, UEMAren Esnatu dinamika mozioa. Bi mozioak onartu zituzten, lehena EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin. Bigarrena, aldiz, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin gelditu zen onartuta.
Ilarramendik eta Irune Urbieta Euskara zinegotziak aurkeztu zuten arnasguneak zaintzeko eta indartzeko mozioa. Ilarramendiren hitzetan, arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia "nabarmena" da, eta zaintzeko eta indartzeko guneak dira. Adierazi zuen gazteen artean inoiz baino euskal hiztun gehiago dagoela EAEn, baina hori ez dela nahikoa: "Izan ere, euskaraz jakiteak ez du ziurtatzen euskara erabiltzeko aukera zabala denik". Hori horrela, arnasgune soziofuntzionalak edo erabilguneak sustatzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu zuen.
Urbietak euskararen erabileraren hainbat esparrutan galera izan dela, eta "arnasgune geografikoak zaintzera datozen estrategiak landu" behar direla gogorarazi zuen. Zarauzko Udalean arnasgune izaten jarraitzeko lanean dabiltzala azpimarratu zuen: "Beharrezkoa da administrazioek erabilera planak onartzea eta bertan ezarritako neurriak gauzatzeko neurriak hartzea, kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak eta baldintzak txertatzea eta jarraipena egitea, urtez urte ikasle heldu gehiago euskalduntzea, matrikularen doakotasuna sustatzea, haur eta gaztetxoen aisialdia euskaraz programatzea, eta etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak jartzea. Hain zuzen ere, "euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea".
Eider Gurrutxaga zinegotziak, EH Bilduk "UEMAk lurgune euskaldunetan egindako irakurketarekin bat egiten" duela adierazi zuen, eta galdera bat luzatu zion EAJri: "EAJ UEMAko kide izanik, zergatik ekarri dugu guk bakarrik mozio hau?". Urbietak bi mozioak "kezka eta konpromiso beretik" abiatzen direla, eta garrantzitsuena batzen dituenari balioa ematea dela nabarmendu zuen. Halaber, UEMAk "kezka erreal bat" jartzen duela mahai gainean adierazi zuen, baina beste ikuspegi bat ere ekarri nahi zutela. Aurrera egiteko egindako bidea aitortzea, balioan ematea eta horren gainean eraikitzen jarraitzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu zuen Urbietak.
EH Bilduk Esnatu dinamika babesteko mozioa aurkeztu zuen, eta Gurrutxagak mozioa udal bilkurara elkarrekin aurkeztu ez izanak "kezka" sortzen ziela adierazi zuen. UEMAk arazoaren larritasunaren irakurketa bat egiten duela, eta horri dagokion neurriak eskatzen dituela gogorarazi zuen EH Bilduk. Era berean, Gurrutxagak nabarmendu zuen beste alderdiek aurkeztutako mozioak "ez diola bere horretan erantzuten". Esnatu dinamikaren abiapuntu gisa, Euskal Herriko nazio mailako hemezortzi udalerrik atzerakada hori gelditzeko konpromisoak hartu zituztela adierazi zuen Gurrutxagak, eta Zarautz udalerri euskalduna dela, eta "arnasgunetze bidean urrats sendoak" ematea dela EH Bilduren helburua. Hori horrela, udalak honako konpromiso hauek hartuko ditu: "Erabilera planera lotutako hizkuntza irizpideak betetzea, kontratazio publiko guztietan hezkuntza baldintza txertatu eta horien jarraipena egitea, doako euskalgintza bermatzea, haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea, udalen eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak egitea, ordenantzak, eta etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak areagotzea".
Inaxio Illarramendik UEMAk Esnatu dinamikaren aurkezpenean erabilitako Esnatu ala hil mezua ez dutela egoki ikusten adierazi zuen, eta euskararen egoera hobetu egin dela, nahiz eta Zarautzen hobekuntza handiegirik ez izan. Era berean, "euskarak ahalik eta herritar gehienen babesa" behar duela, eta hori "bi mozio aurkeztuta ez dela lortzen" azpimarratu zuen Illarramendik.
Udaltzaingoaren barne-araudia, onartuta
Udaltzaingoaren barne-araudiaren hasierako onespena ere aho batez onartu zuten. Gervasio Gabirondo Herritarren Segurtasunerako zinegotziak adierazi zuen "bide luze eta bihurri" baten ondoren, azkenean, Zarauzko Udaltzaingoaren araudia eraman zutela udalbatzarrera.
Gabirondoren hitzetan, proposatutako araudiak berezko arau esparrua ezartzen du Udaltzaingoaren barne antolamendu eta funtzionamendurako. Bertan, honako alderdi hauek nabarmentzen dira: Udaltzaingoaren araubide juridikoa, polizia jardueran erabiltzen diren defentsa eta arma baliabideek erabilera arautzea segurtasun eta proportzionaltasun printzipioen arabera, gaitasun psikologikoa ebaluatzeko prozedurak eta bermeak ezartzea, barne funtzionamenduaren alderdiak antolatzea, lanbide heziketaren garrantzia jasotzea, modulatutako zerbitzu aktiboaren eta bigarren jardueraren araubidea garatzea, besteak beste.
Horrez gain, Herritarren Segurtasunerako zinegotziak hauteskunde egunetan boza emateko eskubidea baliatzeko baimena, eta deitzen dituzten epaiketetara joateko baimena gogorarazi zituen, bai lanaldiarekin bat datozenean edota kanpo egiten direnean.
PSE-EEko bozemaraile den Inaxio Illarramendik "beharrezko urratsa" dela adierazi zuen, eta udaltzainen lana aitortu zuen. Era berean, EH Bilduko Ion Arozena zinegotziak "Udaltzaingoaren funtzionamendua eta antolaketa hobetzeko" balioko duela azpimarratu zuen, eta aldi berean, "herritarrei ematen diguten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko".
Taxien tarifak eta kreditu aldaketak
Beste hainbat puntu ere izan zituzten hizpide atzo arratsaldekou dal bilkuran. Esaterako, kreditu aldaketaren hasierako onespena aho batez onartu zuten. 100.000 euroko kreditu aldaketa proposatu zuen EAJk, eta Garbiñe Oiarbidek azaldu zuen kreditu aldaketaren helburua Zarauzko Kirol Elkarteari Astiko kantina egokitzeko diru laguntza ematea dela. Astiko kantinaren ustiaketa hirutan atera dute esleipenera, eta interesdun izan zitezkeenekin lanketa egin den arren, ez da esleitzea lortu. ZKEk interesa azaldu zuen, eta hori "aukera bezala" ikusi zutela jakitera eman du Oiarbidek.
Horrez aparte, auto-taxien 2027ko tarifak ere erabaki zituzten, eta hauek alderdi guztien babesa izan zuten, aho batez onartuta. Taxiaren Eskualdeko Batzordeak erabaki du 2026ko taxien tarifei %3,7ko igoera gehitzea 2027. urterako.