Zarautzen urteak daramatzate saskibaloian aritutako hainbat kide lagunartean jokatzeko geratzen. Aurten gizonezkoen beteranoen mailako liga eratu dute Gipuzkoan, eta lagunarten elkarten diren horiek bertan lehiatzea erabaki dute, Zarautz Kirol Elkarteko saskibaloi atala (ZAST) ordezkatuz, Zasttonak izenean. "Duela bi urte emakume beteranoen liga jarri zuten martxan Gipuzkoan, eta Zarauzko neskek sekulako lana egin zuten hori abian jartzeko. Nolabait ere, inbidia sortu zen Gipuzkoa aldean, Donostialdean batez ere, gu bezala elkartzen ziren taldeak bazeudelako, eta haiek pauso bat ematea erabaki zuten", kontatu du Iker Gurrutxaga Zasttonak taldeko kideak.
Liga bat sortzeko aukera zegoela ikusita, Zarautzen ere parte hartzera animatu ziren. "Batzuk mugitzen hasi ziren, beste batzuk aurpegi pixka bat bota genuen eta barrura sartu ginen, eta pixkanaka-pixkanaka taldea osatzen joan ginen. Edonola ere, emakumeak oraingoan ere, beste askotan beala, bidea ireki ziguten", gaineratu du Gurrutxagak.
Denetariko jokalariek osatzen dutela taldea azaldu du Zasttonak-eko Mikel Santillanek: "Batzuk beteranoagoak gara eta besteak gaztexeagoak. Askok Zarautzen jokatutakoak, eta gero utzitakoak. Ni, adibidez, azpeitiarra naiz eta Iraurgin jokatu nuen". Berriro kantxa itzuli eta beste talde batzuen aurka lehian aritu ahal izateak gogoa eta ilusioa piztu dietela onartu du.
Iñaki Mandiola taldeko jokalari gazteena da, eta duela urtebete hasi zen beteranoekin lagunartean jokatzen. "Nik Zarautzen jokatzen nuen gaztetan, eta 16 urte nituenean utzi nuen, baina beti geratu izan zait saskibaloiaren harra barruan. Lagunarte honetara gonbidatu ninduten, eta orain txapelketa honetan aritzea erronka ederra iruditzen zait", dio Mandiolak. "Lehiatzeko beste modu bat izango da guretzat, eta talde izaera emango digu. Egia esan, oso gustura hartu dugu aukera hau".
Proposamena aurrera
Irailaren erdialdean bilera bat deitu zuten zehazteko nor egongo zen prest taldean parte hartzeko eta ligako konpromisoei erantzuteko. "Guztira, zazpi partida dira. Ez dira asko, baina horietara minimo batekin joan beharra dago. Beterano batzuk nahiago izan dute taldean ez sartu, beste batzuei tokia uzteko". Bileraren ondoren stand-by txiki bat egon zela dio Gurrutxagak, baina azkenean proposamenak aurrera egin zuen eta berehala hasi ziren entrenatzen. "Horrelaxe hasi ginen elkartzen, eta elkarri aurpegia jartzen. Izan ere, batzuk ez genuen elkar ezagutzen. Zarauztarrak beraien artean ezagunak ziren klubean jokatutakoak zirelako. Berehala sekulako giroa sortu zen geure artean, eta aldarte horrekin dihardugu", azaldu du Santillanek.
Guztira, hamabi jokalari dira une honetan Zasttonak taldearekin fitxa dutenak. Urtean zehar jokalari kopurua handitzeko aukera badagoela jakitera eman du Gurrutxagak, eta gehienez ere hamabost fitxa izan ditzake talde batek. Horrez gain, 40 urtez azpiko bost jokalari izan ditzake talde batek, eta partidetara gehienez hiru eraman ditzake. Zasttonak-ek 40 urtez azpiko hiru jokalari ditu une honetan, eta beste pare batek haiekin jokatzeko interesa agertu diete.
Gurrutxagaren hitzetan, "hamabi jokalari ondo dago zenbaki aldetik, baina horrek eskatzen diguna da, bai ala bai, guztiok joan beharra daukagu partidetara. Izan ere, gauza bat da entrenamenduetan gaure artean aritzea, eta beste bat oso diferentea Lizardi aretoan jokatzea. Lehian ari zarenean guztia ematen duzu, eta gazteak sasoiko badaude ere, gainerakook aldaketak behar ditugu".
Taldeak ez du entrenatzailerik, eta guztien artean hartzen dituzte erabakiak. Hala ere, fitxan norbaiten izena jarri behar zela eta, "erdi-engainatuta" Jokin Collantes jarri dute. Hainbat urtez ZASTeko gizonezkoen lehen taldearen entrenatzailea izan zen, eta eskarmentu handia duela kontuan izanda, kohesio lanak egiteko gaitasuna ikusten diote.
"Oraindik ez gara iritsi entrenatzaile baten beharra edukitzera, baina iritsiko da momentua. Azkenean, partidak jokatu behar baditugu, errotazioak, bakoitzaren postuak eta jokaldiak kudeatzeko norbaiten gidaritza ezinbestekoa izango da", arrazoitu du Mandiolak. "Aldamenean ditugun jokalari puskak ikusita, agian ez dugu behar ere! Baloia haiei pasa eta kito!", erantzun du txantxetan Gurrutxagak.
Zazpi talde
Zasttonak-ekin batera, beste sei talde ari dira parte hartzen Gipuzkoako gizonezko beteranoen ligan: Donosti Dolphins, Ordizia, Take Tolosa, Internacional, Atletico San Sebastian eta Errotabide Irun. "Talde oso ezberdinak dira. Hori bai, jende ezagun asko, lehen elkarrekin jokatutakoak. Beraz, garai zaharrak gogoratzeko modua izango da", aditzera eman du Santillanek.
Guztira, sei jardunaldiz osatuta dago liga, eta ondoren, play-off bat jokatuko dute, non lehen sailkatuek finaleko fasea jokatuko duten. Lehen jardunaldia igande honetan jokatu zuten, eta aise hartu zuten mendean Atletico San Sebastian taldea, 82-25eko emaitzarekin. Hurrengo bi jardunaldiak ere nahiko jarraian izango dituzte: igande honetan, 18:00etan, Internacionalen aurka, Donostiako Mons kiroldegian; eta azaroaren 22an, etxean, Take Tolosa izango dute aurkari.
Taldearen helburu nagusia da "ongi pasatzea" eta "minik ez hartzea". Azken finean, lagunartean saskibaloiaz gozatzen dute, eta horretan jarraitu nahi dute: "Izerdi pixka bat bota, lagunartea ireki eta geure artean afari pasa batzuk egin. Hori da gure asmoa. Eta, nola ez, jokalari izaztea zer zen gogoratu".