Udal eta foru hauteskundeak 2027

Itziar Murua ez da EH Bilduren alkategai izango datozen udal hauteskundeetan

Erredakzioa

Itziar Murua, EH Bilduk Getarian egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian. (Onintza Lete Arrieta)

Koalizioko alkategaia izan zen 2019ko eta 2023ko udal hauteskundeetan. Urte horietan zehar Zarauzko EH Bilduren bozeramaile eta zinegotzi karguak bete ditu, eta 2024ko ekainean Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide kargua hartu zuen.

Itziar Murua ez da Zarauzko EH Bilduren alkategai aurkeztuko datozen udal bozetan. X sare sozialean publikatutako bideo labur batekin jakinarazi du erabakia Muruak, eta herritarrei zein koalizioko kideei eskerrak emateko ere baliatu du tartea.

"Ziklo bat bukatu eta lekukoa beste norbaiti emateko unea" dela azaldu du Muruak bere agurrean. Era horretan, eskerrak eman dizkie zarauztarrei, "urte hauetan guztietan emandako babesagatik". Era berean, EH Bilduko "kide guztiei" zuzendu zaie, eta "denon artean egindako lana" goraipatu du. Halaber, urte hauetan alboan izan dituen zinegotziak ere izan ditu gogoan: "Zuekin partekatu ditut ardurak, ilusioak eta egunerokoak, eta benetan zaindua sentitu naiz".

Halaber, aitortu du oposizioan egotea ez dela lan erraza, "baina saiatu gara, eta nik uste dut gauza garrantzitsu batzuk lortu ditugula Zarautzentzat". Egindako lanarekin "gustura" doala dio, eta aitortu du "konfiantza osoa" duela proiektuarengan. "Konbentzituta nago datorrenak eta datozenek indar, ekarpen eta gogo berriz proiektu honi bultzada emango diotela, eta herritar askoren bultzadarekin Zarautz bizigarriago bat egiteko lanean jarraituko duen talde bat izango dela", egin du azpimarra.

Murua alkategai aurkeztu zen 2019ko eta 2023ko udal hauteskundeetan, eta 2024ko ekainera arte Zarauzko EH Bilduren bozeramaile eta zinegotzi karguak bete ditu. Izan ere, urte horretan Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide kargua hartu zuen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide