Albistegia

Itasua IATko langileek 83 egun daramatzate greba mugagabean

Enara Ariznabarreta eta Urtzi Oteiza

Bergarako eta Zarauzko Itasua IATko langileek 80 egun baino gehiago daramatzate greba mugagabean, eta atzo aldarrikapenak kalera atera zituzten Borroka da bide bakarra! lelopean. Lege Zaharren Enparantzatik abiatu, eta herriko kaleak zeharkatu zituzten lan baldintzak hobetzea eta enpresarekin benetako negoziazioa izatea eskatuz. Beharginek jakitera eman dutenez, gatazka konpondu ezean greban jarraituko dute.

Itasua IATko langileek manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean, greba mugagabearen 83. egunean. Lege Zaharren Enparantzan bildu ziren 19:00etan, Borroka da bide bakarra! lelopean, eta langileek enpresari negoziazio mahaian benetako akordio bat lortzeko borondatea izatea, eta Eusko Jaurlaritzari gatazkan esku hartzeko eskatu zioten. "Gaur Itasua IATko langileok, gure aldarrikapena Zarauzko kaleetara zabaltzea erabaki dugu", adierazi zuten.

Beharginek azaldu zutenez, aste honetan enpresarekin egindako bileretan ez dute "jarrera aldaketa nabarmenik" ikusi. Hala ere, negoziazioa berriro bideratzeko aukera badagoela adierazi zuten: "Oraindik garaiz dago gatazka honi konponbidea jartzeko". Nolanahi ere, ez direla "edozein akordiorekin konformatuko" ohartarazi zuten.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari ere gatazkan duen erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu zioten, bereziki Industria Sailari. Beharginen hitzetan, Industria Saila "ez-ikusiarenak egiten ari da gatazka hasi zenetik". Langileek adierazi zuten greban jarraituko dutela "merezi ditugun lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmena lortu arte". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide