Zarautzek historia egin du, eta maila gorenean ariko dira bi traineruak datorren denboraldian

Julene Sorarrain

Enbatako emakumezkoak, gaur goizean Portugaleten, Euskotren ligarako igoera lortu berritan. (Aitor Arrizabalaga / TKE)

Gaur goizean Portugaleten (Bizkaia) jokatutako bigarren play-off-ean erabaki dira datorren denboraldian Euskotren eta Eusko Label Ligetan ariko diren lau ontziak: Zarautzekin batera, emakumezkoetan Hondarribiak eta gizonezkoetan Deustok lortu dute maila gorenerako txartela. Hala, Enbataren sailkapena ospatzeko, harrera egingo diete arraunlariei 18:30ean, Salbideko parkean. 

Zarauztarrek dena binan-binan egiteko ohitura dutela esan ohi da, eta gaurkoan ez da ezberdina izan: Zarautz Arraunketa Elkarteko (ZAE) bi traineruek batera lortu dute ametsa betetzea, eta datorren denboraldian Euskotren eta Eusko Label Ligetan lehiatuko dira. Hain zuzen ere, Portugaleten (Bizkaia) gaur goizean jokatutako bigarren play-off-ean erabaki dira maila gorenerako azken txartelak. Zarauztarrekin batera, Hondarribiak emakumeetan eta Deustok gizonetan lortu dute lehen mailan aritzeko txartela.

Emakumezkoek eman diote hasiera gaurko arraunketa saioari. Zarautz hirugarren irten da, Tiran eta Donostiarraren atzetik, eta Hondarribiaren aurretik. Bada, Ama Guadalupekoa izan da jardunaldiko trainerurik azkarrena. Hondarribiako ontziak 10.53,00eko denboran gelditu du kronoa, atzo bezala estropadako denborarik onena eginez. Donostiarrak ere protagonismoa izan du gaurko jardunaldian, atzo ezustekoa eman ostean, gaur lehia estuan ibili baita Enbata-rekin.

Azken txanpan erabaki da igoera, eta Enbata-k gogor astindu ditu palak azken metroetan. Azkenean, segundo bateko aldea atera dio Donostiarrari, 10.56,52ko denborarekin helmugaratuta. Donostiarrak hirugarren egin du gaur, eta azkena Tiran izan da.

Gizonezkoak izan dira uretaratzen azkenak. Tiran, Cabo eta Aresen atzetik atera da Zarautz, aurkari zuzena duen Deustoren aurretik. Atzo bezala, gaur ere lehia estua izan da Enbata-ren eta Tomatera-ren artean. Lehen luzean, Galiziako ontziak atzean geratzen joan diren heinean, Zarautz eta Deusto pare-parean aritu dira une oro; izan ere, lehen ziaboga denbora berean egin dute.

Bigarren luzetik aurrera, Deustok hartu du aurrea, baina Enbata-koek ez dizkiete batere erraz jarri lanak. Azkenean, Deustok egin du eguneko denborarik onena (20.20,42): zarauztarrek, aldiz, bost segundo gehiago (20.25,70) behar izan dituzte igoera ziurtatzeko. 

Bigarren play-off-aren ondoren, beraz, erabakita geratu dira datorren denboraldiko Euskotren eta Eusko Label Ligetako azken taldeak. 

Enbatako gizonezkoak, Eusko Label Ligarako igoera ospatzen. (Aitor Arrizabalaga / TKE)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide