Albistegia

Buru berriak ditu Salbidek

Aritz Mutiozabal - Gorka Eizagirre

Salbideko jai batzordeak Asto, Lasto, Maritxu eta Bartolo buruhandiak aurkeztuko ditu ostiral arratsaldean, auzoko festen hasierako txupinazoan.

Asto, Lasto, Maritxu eta Bartolo. Salbide auzoak buruhandi berriak ditu, eta ostiral honetan laukote horrek hartuko du protagonismoa, auzoko jaien hasierako txupinazoan. Jendaurrean aurkeztuko dituzte 18:00etan, eta, jarraian, estreinako kalejira egingo dute auzoko erraldoiekin batera.

Salbideko jai batzordeak hasiera-hasieratik sortu zituen bere erraldoiak, Porrotx eta Poxpolo izenekoak, baina orain arte ez zuen buruhandirik; Aiatik ekarri izan dituzte aurreko urteetan. "Ez genituen Zarauzkoak erabili nahi, eta zerbait ezberdina egiteagatik, bada, aurten iritsi da garaia geure buruhandiak edukitzekoa", azaldu du Iñigo Arrillaga batzordeko kideak. Erabakia hartuta, pertsonaiak zehaztea izan zen hurrengo pausoa, eta horretarako auzoaren izaera historikoari erreparau diote. "Salbiden urak garrantzia itzela izan du betidanik, iturriagatik zein garbitokiagatik, eta hortik sortu zen Maritxu eta Bartolo pertsonaien ideia. Abesti ezagunari erreferentzia eginez, alegia", kontatu du Arrillagak.

Era berean, ez dute ahaztu nahi izan garai batean auzoa baratzez beteta zegoela, eta hori ere islatu beharra zeukaten buruhandi berrietan. "Baratzeetan, noski, beti dago txorimaloren bat, eta hortik dator Lasto. Garbitokiaren ondoan, bestalde, ukuilu txiki bat zegoen, eta baserritarrak auzora jaisten zirenean han uzten zituzten astoak. Beraz, laugarren buruhandia Asto izatea pentsatu genuen", gehitu du.

Aniztasuna

Pertsonaiak zehazterakoan, "aniztasuna" bilatu nahi izan dutela nabarmendu du Leire Merketegi jai batzordeko kideak. Hasierako bileretan, ordea, ideia pila bat atera zirela mahai gainera aditzera eman du: "Pertsonaia ugari atera ditzakegu gure auzotik, baina Salbide nondik datorren azaldu nahi genuen, eta aukeratutako lauek ongi adierazten dute hori".

Ofizialki, ostiral honetan aurkeztuko dituzte buruhandiak, baina jai batzordeko kideak apurka-apurka joan dira ezagutarazten, zenbait euskarri erabiliz, herritarren artean ikusmina eta jakin-mina sortzeko. Alde batetik, sare sozialen bidez ikus-entzunezko laburrak hedatu dituzte –lehena, abuztu hasieran–, eta bestetik, jaien eskuorrian pertsonaien irudiak ongi nabarmendu dituzte haien izenekin.

"Sare sozialen bidez zabaldutako bideoarekin festa giroa bultzatu nahi izan dugu. Erakutsi nahi izan dugu nola biltzen garen eta horren guztiaren atzean zer lan dagoen. Bide batez, buruhandi bakoitza zein den eta nondik datozen azaldu dugu", kontatu du Merketegik. Jendearen erreakzioa oso positiboa izan dela adierazi du Salbideko jai batzordeko kideak: buruhandi berriak aurkezteko modua "oso originala" izan dela esan diete, eta barre ere egin dutela. "Gainera, gaur egungo umeek eta gazteek egundoko miresmena diete buruhandiei, eta halako pertsonaiekin asko irabaziko dute auzoko jaiek", gaineratu du Merketegik.

Enpresa baten bidez

Erraldoiekin bezalaxe, hasieran pentsatu zuten jai batzordeko kideen artean egitea buruhandiak, baina ideia hori berehala alboratu zutela dio Iñigo Amenabarrek. "Erraldoiek nahikoa lan eman ziguten, eta, zentzu horretan, buruhandiak geure kasa egitea dezentez zailagoa zela ikusi genuen. Hori horrela, begiratzen hasi ginen non egin ahal genitzakeen", azaldu du. Zarauzko buruhandiak Iruñeko Gigantes Platero enpresan eginda zeudela eta, bertara jotzea erabaki zuten auzoko lau pertsonaien proiektuarekin. "Gure ideia azaldu genien, eta bozeto batzuk bidali zizkiguten. Buruhandi bakoitzaren diseinua elkarlanean definitu genuen: Lastoren txapela modu horretara, Asto pixka bat komikoa izatea... Horrela, behin betiko pertsonaien irudia lortu arte", kontatu du Amenabarrek. "Egia esan, gozamena izan da Gigantes Plateroko kideekin lan egitea. Gauza guztiak erraztu dizkigute lehen unetik".

Buruhandi berriak ekain erdialderako prest izango zituztela abisatu zien enpresak, eta, garaiz iristen zirela ikusirik, sanpelaioetako buruhandi eta erraldoien topaketan aurkezteko gonbidapena jaso zuten. Jai batzordeak, halere, patxadaz hartu zuen, eta erabaki zuen Salbideko buruhandien estreinako agerraldia auzoko jaietan izatea zela zentzuzkoena.

"Ekainaren 15ean joan nintzen Iruñera buruhandien bila, eta, egia esan, irudietan ikustetik aurrez aurre ikustera, egundoko aldea izan zen. Lehen aldi hartan sekulako zirrara eragin ziguten. Benetan politak direla iruditu zitzaigun, eta, zalantzarik gabe, gure auzoa ongi ordezkatzen dutela", egin du azpimarra Amenabarrek.

Jendeak dagoeneko jakin arren lau buruhandiak zeintzuk diren, ostiraleko jai hasiera "berezia" izatea nahi dutela azaldu dute jai batzordeko kideek: "Festa giroan murgiltzeko une aproposa izango da". Salbideko anfitrioi berriak, gainera, zain egongo dira: "Prest daude korrika egiteko, jendea agurtzeko eta musuak banatzeko".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide