Azken urteetako arrakasta ikusita, aurten ere doako fandango eta arin-arin ikastaroak eskaintzen ari dira Frontoi Txikin. Atzo arratsaldean hasi ziren saioekin, eta datorren astelehenera bitartean–asteburuak salbu–, dantzaz eta giro paregabeaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek zein inguruko herrietako bizilagunek. Eta, hein batean, Euskal Jai egunerako trebatzeko ere bai.
Saioak Jon Alkainek, Alaitz Garciak eta Ane Ayestaranek gidatzen dituzte, Zarautztrik elkarteko trikitilariek girotuta, 17:30etatik aurrera. Parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izenik eman beharrik, nahikoa baita bertara azaltzea. Guka estreinako ikastaro saioan izan da, eta irakasleen eta hainbat herritarren sentsazioak jaso ditu.