Aurrera doa Patxi Zaporraren oroimenezko eskuzko pilota txapelketa. Astelehenean jokatu zituzten aurreneko partidak, eta asteazkenean nahiz ostiralean hurrengoak. Frontoi Txiki jendez leporaino zela, jokatu zituzten neurketak, eta giro bikaina izan zen kirol hitzorduen bueltan.
Asteazkenean Gaztañagak eta Berozek irabazi zuten jubenil mailako partida; 22 eta 16 nagusitu zen bikote hori Kontrerasen eta Zabalaren aurka. Seniorretan, berriz, Aranbarri eta Juaristik 22 eta Elizaldek eta Bereauk 19 egin zuten.
Ostiralean, berriz, Bidezabal eta Galarraga nagusitu ziren 22 eta 19 Iradiren eta Alvarezen kontra. Helduen mailako partidan, ostera, Orbegozok eta Sasianek eskuratu zuten garaipena; horiek 22 eta 20 hartu zituzten mendean Taberna eta Aranguren.
Bihar, astelehena, izango dira final laurdenetako azken partidak: Zufiria eta Alejo Iturralderen eta Arangurenen aurka ariko dira lehen norgehiagokan, eta bigarrenean, Bidezabalek eta Gorostidik Iraeta eta Castro izango dituzte aurrez aurre.
Partida horiek bukatzean erabakiko da, beraz, zein bikote ariko diren asteazkenean, hilaren 12an, nahiz datorren asteazkenean, hilaren 19an, jokatuko dituzten finalerdietan. Finala, berriz, abuztuaren 21ean izango da.