Tommy Petit eta Lea Moreau dira aurtengo Zarautz Altxa halterofilia txapelketako irabazleak. Atzo jokatu zuten lehia malekoian, Dama parean, eta arratsalde osoan zehar erakustaldi ederra eskaini zuten parte hartzaileek. Mutilen eta nesken kategoriatan banatuta jokatu zuten, eta, hain justu, Petit lehenengoan nagusitu zen, eta Moreau bigarrenean.
Stade Montois taldeko kirolariak dira aurtengo bi irabazleak. Petiti dagokionez, 120 kilo altxa zituen abiadan, eta 145 jasotze altxatze modalitatean. Moreauk, berriz, 82 kilo jaso zituen abiadan, eta 113 jasotze altxatzean. ZKE Halterofiliako ez zuten urrerik poltsikoratu atzokoan, baina, hala eta guztiz ere, emaitza onak lortu zituzten: gizonezkoetan, bigarren sailkatua ZKEko Alex Balenciaga izan zen, eta, emakumezkoetan, hirugarren postua Ainhoa Urkiolarentzat izan zen.
Gainera, txapelketatik kanpo, ZKE Halterofiliako hainbat gaztetxok teknika erakustaldia ere eskaini zuten, ikasturtean zehar ikasitakoa jendaurrean erakusteko.