Ezin hobeto hasi du Enbatak traineru denboraldia: ETE eta KAE 1 ligetako banderak eskuratu ditu

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 20a

Zarauzko arraunlariak, iaz Orion jokatutako estropadan. (Onintza Lete Arrieta)

ETE ligako nahiz KAE 1 eta KAE 2 ligetako lehenengo jardunaldiak jokatu dituzte gaur Astilleron, eta Urola Kostako hiru talde izan dira lehian: Zarautz, Zumaia eta Orio B. Zarautzek agindu du emakumezkoen nahiz gizonezkoen estropadetan, eta bi banderak ekarriko ditu etxera.

Arraun denboraldiari hasiera ezin hobea eman diote Zarauzko arraunlariek. Bi bandera ekarriko dituzte Astillerotik (Espainia), ETE nahiz KAE 1 ligetako estropadak irabazi ostean. Garaipena urratzear izan dira Zumaiako gizonak, estropada Enbatakoengandik bi segundora amaituta.

Erlojuaren kontra aritu dira ETE ligako zortzi ontziak –aurreko sasoian baino bat gutxiago–, eta marea baxuarekin eta nahiz haizearen eraginpean (kontran izan dute joaneko luzeetan, eta alde itzulerakoetan) jokatu dute estropada.

Hondarribiak izan du hasiera onena, eta segundo bat atera dio Zarautzi lehenengo ziabogan, baina zarauztarrak estropadaren buruan kokatu dira bigarren ziabogatik aurrera, eta amaierara arte abantaila horri eustea lortu du Urola Kostako taldeak, urtean zehar egindako lanaren lehenengo uzta jasotzeko. 11:18:34 denbora behar izan dute zarauztarrek bi luzeak osatzeko, Hondarribiari (11:19:64) segundo bakarra eta Kaikuri (11:21:21) hiru segundo eskas aterata. ETE ligako arraunlariek beste hamahiru estropada dituzte aurretik Euskotren ligara igotzeko kanporaketak jokatu baino lehen, baina dagoeneko nabarmendu dira hiru talde faboritoak, eta lehia estua espero da.

Atzetik sailkatu dira Deusto, Ondarroa, Isuntza, Hernani eta Portugalete, hurrenez hurren.

Bi segundok erabaki dute bandera

Emakumeen atzetik, KAE 2 ligako estreinako estropada jokatu dute Astilleron –iaz Orio Bk igoera lortu zuen, eta beraz, eskualdeko ordezkaririk ez dago aurten KAE 2 ligan–, eta horren ostean, KAE 1 ligako lehenengo jardunaldia jokatzera uretaratu dira Zarauzko, Zumaiako eta Orio Bko gizonak. Bi txandetan banatuta egin dute arraun hamabi traineruek, eta bigarrenean atera dira eskualdeko hiru taldeak.

Astillerok, etxean jokatu duen taldeak, lortu du lehenengo txandako denborarik onena, eta erreferentzia horrekin (21:16:82) atera dira bigarren tandako sei ontziak. Telmo Deun eta Enbata ontziek agindu dute estropadan, eta pare-parean izan dira lehian: 5:24ra berdindu dute lehenengo ziabogan, segundo bat aurretik biratu du Zarautzek bigarrenean, berdinduta sartu dira berriz hirugarrenean, eta azken luzean estututa, Zarautzek lortu du denborarik onena (11:18:34), eta beraz, Astilleroko bandera. Garaipena urratzear izan dira zumaiarrak, baina bi segundo atzetik geratu dira (11:19:64).

Orioko B taldeak bere txandako denborarik okerrena egin du (21:48:70, irabazlearengandik 55,03 segundora), eta azken aurreko postuan amaitu du sailkapen orokorra, Arkoteren aurretik. Hala ere, oriotarrek emaitzak hobetzeko aukera izango dute datozen hamabost hitzorduetan. 

Bihar, Pasai Donibanen

Zarauzko, Zumaiako eta Orioko taldeek Pasai Donibanen (Gipuzkoa) dute bihar hitzordua, ETE nahiz KAE 1 ligetan. Emakumezkoek V. Hernaniko Bandera jokatuko dute 11:20ean hasita. Linean jokatuko dute estropada, lau kaletara, hiru luzerekin. 12:00etan, halaber, gizonen txanda izango da. III. Adinberri Bandera jokatuko dute eta estropada hori ere linean izango da, lau kaletara, sei luzerekin.

Euskotren eta Eusko Label ligak, berriz, datorren astean abiatuko dira, ekainaren 28an, Madrilgo Erkidegoko Buitrago de Lozoya herrian. Hantxe ariko dira aurten Orioko eta Zumaiako neskak eta Getariako eta Orioko mutilak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide