Juanjo Etxarte: "Igoera lortzea da aurtengo helburuetako bat, dudarik gabe"

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 19a

Juanjo Etxarte, Zarauzko emakumezko traineruaren entrenatzailea. (Juan Luis Romatet)

Aurten ere Juanjo Etxartek (Hernani, 1979) gidatuko du Zarauzko emakumeen trainerua ETE ligan. "Zaila" izango dela aitortu arren, posible ikusten du aurreko sasoian lortutako emaitza berdintzea.

Joan den denboraldian ederki aritu zineten. Iazkoaren zer balorazio egiten duzu?

Aurreko denboraldia oso positiboa izan zen. Estropada dezente irabazi genituen, liga eskuratu genuen eta Kontxako estropadarako sailkatzeko denbora ere egin genuen; hala ere, gure akats bat medio, zigorra jarri ziguten eta Kontxatik kanpo geratu ginen. Horrek Euskotren ligarako play-off-ean asko eragin zigun, eta azkenean ezin izan genuen gure helburuetako bat lortu: aurten Euskotren ligan lehiatzea. Hala ere, denboraldia oso ona izan zen. Bi edo hiru urtean lan handia egin dugu, eta joan den denboraldian zazpi bandera eta liga irabaztea oso positiboa izan zen guretzat.

Beraz, ez da erraza izango aurreko denboraldikoa berdintzea, ezta?

Ez da izango erraza, baina ezinezkoa ere ez. Ondo prestatu gara eta taldea oso motibatuta dago. Oso arraunlari gogorrak daude taldean, oso gazteak dira, baina beti daude lanerako prest. Prestatutakoa egiten badugu, eta arraunlariek eurengan sinesten badute, ez dut ezinezkoa ikusten joan den denboraldian lortutakoa berdintzea. Horretarako prestatu gara eta borrokarako prest gaude.

Zein dira denboraldi honetako helburu nagusiak?

Play-off-etan daukagu jarrita begirada. Aurreko sasoian jokatu genituen, baina ez genuen igoera lortu. Berriz gauzak ondo eginez gero, sailkapenaren goiko postuetan ibiltzeko aukerak edukiko ditugu. Kontxako estropadara sailkatzeko eta ligako sailkapeneko goiko postuetan egoteko borrokatuko dugu. Eta noski, dena ondo ateraz gero, igoera lortzea da gure ideia.

Beraz, helburu nagusietako bat igotzea da?

Bai, dudarik gabe. Joan den denboraldian gutxigatik ez genuen lortu. Uste dut Kontxako sailkapeneko kaleratzeak asko eragin zigula, baina aurten ere igoeraren bila lehiatuko gara.

Azaldu duzun moduan, ehuneko batzugatik geratu zineten Kontxako estropadatik kanpo. Aurtengo beste nahietako bat arantza hori ateratzea izango da, ezta?

Dudarik gabe. Neskei esan nien Kontxa bat zor niela, hori zer den bizi dezaten. Sailkatzeko marka egin genuen, baina akats bat egin genuen eta zigorra jarri ziguten. Egin genuen akatsak ez zigun inongo abantailarik eman, eta zigorra oso gogorra izan zen. 11 minututan hamar segundo berreskuratzea oso zaila da. Okerrena izan zen ez genuela izan zigorraren berri estropada amaitu arte. Zigorrarena momentuan jakinez gero, estropada beste modu batean planteatuko nukeen. Momentuan esanez gero, ulergarria izan daiteke, baina hamazazpigarren minutuan gertatutako zerbait estropada bukatu eta hamabost minutu geroago esatea oso gogorra da.

Zer moduz dago taldea?

Taldea oso sentsazio onekin dago. Entrenamendu batzuk oso onak izan ohi dira, eta beste batzuk ez hain onak; azken horiekin sortzen zaizkizu zalantzak. Prestatu duguna egiten badugu, baina, hor ibiliko gara, goiko postuetan. Larunbatean ikusiko dugu zer moduz gauden.

Eta zer moduzko taldea daukazue aurten?

Taldea aurreko denboraldikoaren berdintsua da, gaztea. Hiru baja izan ditugu guztira, eta hiru edo lau jubenil hasi dira gurekin lanean aurten. Trainerua iazko bera da ia-ia, baina urtebete gehiagorekin, eta horrek ere asko laguntzen du.

Hain arraunlari gazteak edukitzeak zer abantaila ditu? Eta zer desabantaila?

Abantaila nagusia gazteek arraunerako eduki ohi duten gogoa dela uste dut. Desabantaila, berriz, dena oso ondo egin behar dela. Zortzi jubenil daude taldean, eta estropada bakoitzean sei jubenil inguru traineruan izango dira. Beraz, horrek esan nahi du dena oso ondo egin behar dugula. Gorputzak oraindik egiteko daude, eta giharra irabazten ari dira, 17 urte baitituzte arraunlarietako askok. Horri aurre egiteko modu bakarra arraunean oso ongi egitea da. Neska indartsuak dira, oso ondo prestatzen dira eta asko zaintzen dira.

ETE ligan lehiatuko diren gainontzeko taldeei dagokienez, zein uste duzu izango direla zuen aurkari zuzenak?

Argi dago bat Hondarribia izango dela. Kaiku ere hor ibiliko dela iruditzen zait. Errespetu osoz, Hondarribia, Kaiku eta Zarautz koskatxo bat gorago ikusten ditut. Hala ere, larunbatean ikusiko da zehazki nola gauden.

Prestaketari dagokionez, nola antolatu dituzue neguko entrenamenduak?

Ergometroa, pisuak eta antzeko ariketa asko egin ohi dugu neguan. Hasieran uretako entrenamendu gutxi egin ohi dugu, eta pixkanaka gehitzen joaten gara. Azken asteetan ia egunero ari gara entrenatzen, beti uretan. Beraz, negukoa lan fisikoa izan ohi da, batez ere. Giharretan bolumena hartu beharra dago neguan, uda gogorra izaten baita. Hasieran lan fisikoari ematen diogu lehentasuna, azken asteetan bizitasun puntu hori bilatzeko.

Zein izango dira sailkapenaren goialdean ibiltzeko gakoak?

Ahalik eta akats gutxien egitea. Dena oso ondo egin beharko dugu, joan den denboraldian ikusi genuen bezala, akatsak oso garesti atera ohi dira eta. Ligan puntuak galduz gero, oso zaila da gero horiek berreskuratzea.

Zer moduz joan dira denboraldiaurreko estropadak?

Estropada horiek ez ditugu prestatzen aurreko puntan ibiltzeko helburuarekin. Oso talde gaztea daukat, eta ezin dut jardun otsailean punta-puntako denborak eskatzen. Azkenean, begiz jota ditugunak larunbateko Astilleroko (Espainia) eta igandeko Pasaiako (Gipuzkoa) estropadak dira. Horietan egon behar dugu ehuneko ehunean; ordura bitartekoak prestakuntzaren barruan daude. Gure helburua irailean sailkapenaren goiko aldean egotea da, play-off-etarako borrokan. Denboraldiaurrean udako denborak hasiko banintz, ez ginateke denboraldi amaierara iritsiko, arraunlariak lehertu egingo liratekeelako.

Nola ikusten dituzu asteburuko Astilleroko eta Pasaiako estropadak?

Gogorrak. Astillerokoa errekan izango da eta, gainera, marea orduan hasiko da igotzen. Beraz, dezenteko korrontea egongo dela aurreikusten dugu. Pasaiakoa, berriz, estropada polita baina gogorra izango dela iruditzen zait. Estropadaren lekuan ez dago olaturik, leku itxia baita; orduan, arraunkada bakoitzak ona izan behar du. Pasaian ere korrontea egon ohi da, beraz, tokatzen zaigun kalean borrokatu beharko dugu. Izan ere, Astilleroko estropadan traineru guztiak errenkadan lehiatuko gara, baina Pasaian, lauko multzotan banatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide