Albistegia

Azken prestaketa lanetan ari dira haur danbor jotzaileak

Onintza Lete Arrieta - Gorka Eizagirre - Urtzi Oteiza 2026ko ekainaren 19a

Sanpelaioetako haurren danborradako azken-aurreko entsegua egin zuten atzo arratsaldean Gaztelekuan. 300 haur inguruk parte hartuko dute aurten. Oroitz Unzueta Haur Kultur Taldeko kideak kontatu duen moduan, "oso gogotsu" ari dira entseatzen danbor jotzaile txikiak.

Danbor hotsak entzungo zituzten azken asteetan Gaztelekuko frontoitik igaro diren herritarrek; izan ere, bi aste inguru daramatzate haurrek sanpelaioetako danborrada prestatzen, Haur Kultur Taldeak gidatuta. Atzo egin zuten azken-aurreko entsegua, San Pelaio jaien aurkezpenaren ondoren, hain zuzen ere.

Oroitz Unzueta Haur Kultur Taldeko kideak kontatu zuenez, azken edizioekin alderatuta danbor jotzaileen kopurua jaitsi egin da aurtengo danborradan: 400 haur inguruk parte hartzen dute urtero-urtero hitzorduan, eta oraingo honetan 300 inguru izango dira, azken edizioetan baino ehun gutxiago, alegia. Talde txikiagoa izanagatik ere, ozen entzungo dira danborrak Zarauzko kaleetan, Unzuetaren hitzetan, "oso gogotsu" ari baitira entseatzen haurrak. Zuzendariei dagokienez, orotara 22 umek eman zuten izena danborradako talderen bat zuzentzeko, eta horietatik zortzi izan dira hautatuak.

Hala, haurren danborrada hilaren 25ean, 18:30ean hasiko da. Igandea, Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek  lagunduta egingo dute, eta ondorengo ibilbidea da taldeek egingo dutena: Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide