Bigarren aldiz heldu diozu Zarauzko entrentzaile ardurari. Nola suertatu da zure itzulera?
Lehenengo aldiaren antzera izan da. Azken finean, Zarautz nire etxea da, eta etxera itzultzea errazagoa izan ohi da. Egia da arrauna utzita neukala duela hiruzpalau urte, baina halako aukera bat ez da urtero sortzen eta ilusioz bueltatu naiz. Lagunarteko klub bat da hau, eta etxeko bat gehiago naiz.
Espero al zenuen deia?
Ez. Normalean, horrelako gauzen zain ez zara egoten. Egia da beste urte batzuetan deitu izan didatela leku batetik edo bestetik arraunerako edo entrenatzaile aritzeko, eta orain arte ezezkoa eman dut. Aurten, etxeko egoera aldatu egin zait, eta arraunerako denbora gehiago dudanez, pauso bat eman dut aurrera.
Asier Puertasi eman zenion lekukoa, eta orain zuk hartu duzu atzera berea. Zuk utzi zenuenetik, zer aldatu da eta zer ez, taldean?
Hori da, bai. Nik eman nion lekukoa berari, eta orain, hark eman nit niri. Kasualite kontua izan da. Gauzak horrela egokitu dira, besterik gabe. Esan beharra daukat Asierri biziki eskertuta nagoela. Hark bost urte egin ditu taldean, eta arraunlari hauek duela bost urte baino hobeak dira. Bere eskua asko igartzen da, zalantzarik gabe. Zentzu horretan, gauzak erraztu dizkit, eta jakin badakit egunen batean laguntza behar badut, bera hor edukiko dudala; nire aurretik egon den entrenatzailea baino gehiago, laguna dudalako.
Eta nolako taldea osatu duzue aurtengorako?
Hiru baja garrantzitsu izan ditugu iaztik: Iñigo Mozok, Mikel Etxabek eta Haritz Lozanok taldea utzi dute. Edonola ere, etorri den jendea ere maila handikoa da, eta talde orekatua osatu dugu. Baja inportanteak izan arren, altak ere pisuzkoak dira: Zarautzen hainbat garaitan ibilitako arraunlari eta entrenatzaile Hegoi Itxauspe etorri da; Manu Ventas oriotarra, Arkoten eta Orion aritutakoa; Tolosako bi gazte, Ibai Bakero eta Eneko Aramendia; jubeniletatik Oinatz Albeniz igo zaigu; eta ni neu, entrenatzaile-arraunlari gisa.
Beteranotasunaren eta gaztetasunaren arteko nahasketa bat izango da, orduan?
Itzuli garenak bagara beteranoak, baina maila dezentekoak garela esan genezake; eta gero, hiruzpalau gazte etorri dira gurekin batera. Era berean, iaztik dauden arraunlariak hartu behar dira kontuan. Arraunlari zaharrenak 43 urte ditu, eta gazteenak 18. Oro har, esperientzi handiko taldea gara. Gu geu, beteranoak, geure azken urteak zukutzera gatoz; baina badira nire lehen etapan aritutako arraunlariak, 30 urtetik beherakoak izan arren, arraun munduan asko bizitakoak: KAE 1 mailan estropadak jokatu, banderak irabazi, Eusko Label ligara igo, Kontxako estropada jokatu, mailaz jaitsi... Eskarmentu handikoak dira, eta iruditzen zait horrek taldeari lasaitasuna eta konfiantza ematen dizkiola.
Negua prestaketarako sasoia izaten da. Zertan jarri duzue fokua batez ere?
Taldeko blokea ongi landuta zegoen Asierren garaitik, eta niri dagokidanez, teknikoki neure ukitua ematen ahalegindu naiz. Azken finean, Asier eta biok eskola berekoak garela iruditzen zait, baina entrenatzaile bakoitzak bere ikuspuntua izaten du. Niri mutilak urte osoan motibatuta edukitzea gustatzen zait. Hala ere, ez dut uste gauza asko aldatu denik iaztik hona, prestatzailea ere bera baita. Asierrekin alderatuta, noski, gauza batzuk aldatuko ziren, eta hori arraunlariek esango lukete hobeto, baina orokorrean, bide beretik ari gara lanean.
Iaz hirugarren bukatu zuen liga Zarautzek. Aurten ere goiko postuetan sailkatzeko moduan ibiliko al zarete?
Printzipioz, lehen lau postuetan kokatzeko taldea dugu. Ohorezko txandan lehiatzea izango da aurten gure helburua, eta behin hor egonda, bandera lortzeko borrokan aritzea edo, behintzat, lortzeko aukera dagoela ikustea. Lehiatzeak motibatzen eta bultzatzen nau gehien.
Eta helburuak finkatzen hasita, Eusko Label ligara igotzea gehiegi eskatzea al da?
Helburu bat baino gehiago, ametsa litzateke hori une honetan. Estropada bakoitza borrokatzea da helburua, eta gero igoeraren aukera etortzen bada, askoz ere hobeto. Kristoren ilusioarekin joango ginateke hori lehiatzera, baina hasiera batean, gure asmoa da dugun guztia ematea eta ahalik eta azkarren aritzea. Ondoren ikusiko dugu gure azkartasunak zertarako emango digun, sailkapenaren lehen postuan, zortzigarren edo azken postuan kokatzeko. Momentuz, geure onena erakutsiko dugu eta gero gerokoak.
Baina posible ikusten al duzu banderaren bat edo beste zaletuei eskaintzea?
Posible ikusten dut, baina ez dakit lortuko dugun. Pentsatu nahi dut lortuko dugula. Itxaropena badut, bestela ez nintzateke egongo nagoen lekuan.
Zeintzuk izango dira Enbata-ren aurkari zuzenak aurtengo denboraldian?
Negua nola joan den ikusita, Zumaia, Deusto eta Kaiku izango dira aurkari horiek. Duela bi aste lau traineruak aritu ginen lehian eta iruditzen zait udan zehar ere elkarrekin ibiliko garela, ezustekoren bat egongo den arren. Izan ere, beti izaten da espero ez duzun talderen bat borrokan: adibidez, neguan horrenbeste ikusi ez dugun Pedreña. Baina teorian, aipatu lau taldeak hortxe izango gara.
Zer moduz joan dira denboraldiaurreko estropadak?
Denetarik izan dugu: estropada txarrak, baina azken bietan, Getarian eta Lekeition (Bizkaia), emaitza txukunak lortu genituen. Ehuneko ehuna ematen dugunean estropada ona egiten dugu, eta, aitzitik, pixka bat despistatzen bagara, beste guztiak gainetik pasatzen zaizkigu.
Asteburu honetan hasiko da liga, Astilleron (Espainia) eta Pasaian (Gipuzkoa). Nola ikusten dituzu lehen bi estropada horiek?
Aukeran, itsasoan jokatuko nituzke lehen bi estropadak, baina ibaian izango dira. Baina, egia esan, talde onak eremu guztietan dira azkarrak, eta guk ere hala erakutsi beharko dugu. Irteera txandak zozketa bidez erabakiko dira Astilleroko lehen estropadan, eta, eremuak baino gehiago, mareak izan dezake eragina, nahiz eta erlojupekoa izan. Zentzu horretan, diferentziak nabarmenagoak izan daitezke, aurkariak beste txandan atera direlako. Pasaiakoa, berriz, lau luzetara jokatuko dugu.
Hasteko astebete falta dela, zer giro nabari duzu taldean?
Negua luze joaten da, eta azken asteetako estropadak ongi etorri zaizkigu udara begira jartzeko. Egia da mutilak eta ni neu ere pixka bat urduri gaudela, tximeletak igartzen ditugula geure barruan. Orain arte ez da punturik jokoan izan, baina orain gauzak serio jarriko dira. Beraz, kirioak kontrolatu eta modu positiboan transformatu beharko ditugu.
