Zarauzko garapen lankidetzaren 32 urteko ibilbidea jasoko duen dokumentala argitaratuko dute

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 4a

Jesus Arana eta Kooperazio Kontseiluko eta GKE koordinakundeko ordezkariak. (Enara Ariznabarreta)

Azken 32 urteetan Zarauzko Udalak 300 proiektu baino gehiago babestu ditu munduko 38 herrialde pobretuetan. Ibilbide hori aitortu eta herritarren artean ezagutarazteko, hainbat ekimen antolatu dituzte, tartean Gukarekin elkarlanean egindako dokumentala eta abenduaren 10an egingo duten ekitaldi berezia.

Udaleko pleno aretoan bildu ziren atzo Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotzia, Iñigo Kooperazio Kontseiluko ordezkaria eta Lide GKE koordinakundeko ordezkaria, azken 32 urteotan garapen lankidetzaren arloan egindako ibilbidearen balioa aldarrikatzeko eta komunikazio kanpaina aurkezteko. Ekimenaren bidez, urte osoan egingo dituzten jarduerak ezagutarazi zituzten, eta baita lankidetzaren arloan egindako lan guztia ere. 

Zarauzko Udalak 1994an egin zuen lankidetzarako lehen dirulaguntza deialdia. Garai hartan, 3 milioi pezeta bideratu zituen udalak horretara, gaur egungo 18.000 euro. Jesus Aranak nabarmendu zuen, hasieran udal aurrekontuaren %0,7a garapen lankidetzara bideratzea "utopia hutsa" zela, baina urteak aurrera joan ahala, konpromiso hori "sendotu" egin dela. 

Aranak gogorarazi zuen udalak gaur egun gutxienez aurrekontuaren %0,7a bideratzen duela garapen lankidetzara. Bere hitzetan, ekarpen hori ez dute "karitate ekarpen gisa" ulertzen, "justizia sozialaren ikuspegitik" baizik. "Argi dugu gure ongizatearen zati bat munduko beste leku batzuetan dauden desoreken ondorio dela. Neurri apal batean bada ere, hori zuzentzea justizia kontua da", adierazi zuen.

32 urteko ibilbidean zehar, "Zarauzko Udalak 300 proiektu baino gehiago babestu" dituela azpimarratu zuen Gizarte Politiketako zinegotziak, "munduko 38 herrialde pobretuetan garapen lankidetza sustatzeko". Horrez gain, larrialdi egoeretan ere laguntza eman dutela gogorarazi zuen, Aita Mari ontzi humanitarioari emandako dirulaguntzen bidez, Saharako elikagaien karabanari lagunduz edota errefuxiatu kanpalekuetako haurrak urtero Zarautzera ekarriz, besteak beste.

Gaur egun lankidetzaren arloan Zarautz "erreferente" bihurtu dela adierazi zuen Aranak, eta "horretarako ezinbestekoa" izan dela Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana. "GKEn konpromisoari, ezagutzari eta eguneroko lanari esker lankidetza politikek sendotasuna eta benetako eragina lortu dute", nabarmendu zuen.

Lankidetza Kontseilua mugarri

Kooperazio Kontseiluko ordezkari den Iñigok gogorarazi zuen "lankidetza politikaren garapenean beste mugarri garrantzitsu bat 2017an sortutako Lankidetza Kontseilua" izan zela. Organo horren helburua udalaren eta herriko Gobernuz Kanpoko Erakundeen arteko koordinazio gune iraunkor bat eskaintzea da. "Bakoitzak egiten duenaren berri izateko, eztabaidarako espazio bat edukitzeko eta proposamenak, iradokizunak edo kexak helarazteko balio duela" adierazi zuen.

Iñigoren esanetan, kontseiluak herritarren parte hartzea indartzen du eta erabaki publikoak "demokratikoagoak eta parte hartzaileagoak" bihurtzen laguntzen du. Era berean, "gardentasuna eta kontu ematea sustatzen" dituela azpimarratu zuen, "aurrekontuei, dirulaguntzei eta finantzatutako proiektuei buruzko informazioa partekatzeko aukera ematen" duelako.

Koordinakundearen helburuak

Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeko kide den Lidek azaldu zuen koordinakundearen helburu nagusia "garapen lankidetzan diharduten erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta zarauztarrak munduko desberdintasunen inguruan sentsibilizatzea" dela. Zehazki, "pobrezia, desberdintasuna eta giza eskubideen urraketak salatzea" eta "kalitatezko eta eraginkorra den lankidetza politika publikoa sustatzea".

Gaur egun koordinakundea hamar erakundek osatzen dute: Ibarratik Misio Taldea, Tau Fundazioa, Munduko Begiak, Ori-zautz, Saharautz, Misevi, Proyde-proega, Chernobileko Lagunak, Elan Euskadi eta Kalkuta Ondoan.

Lidek azken horren izenean hainbat gauza azaldu zituen atzo. Kalkuta Ondoan erakundeak 27 urte daramatza lankidetza proiektua garatzen, eta azken urteetan Nepalera, Butanera eta Argentinara zabaldu du bere jarduna. Beraien lana hiru zutabetan oinarritzen dela azpimarratu zuen, "giza eskubideetan, naturaren eskubideetan eta genero ekitatean".

32. urteurreunenaren harira

32. urteurrenaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte aurten. Otsailean, La Morera Fundazioko eta Mujeres Activando kooperatibako bi kide izan ziren Zarautzen, eta haiekin batera mahai-inguru bat eta rap feminista tailer bat antolatu zituzten. Maiatzaren 10ean, berriz, Koordinakundeko erakundeek Zarauzko Boluntariotza Azokan hartu zuten parte, herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin.

Datozen hilabeteetan, 32 urte hauetako ibilbidea jasoko duen dokumentala argitaratuko dute, Zarauzko Udalaren eta Gukaren lankidetzarekin. Aranak azaldu zuenez, ikus-entzunezkoak "hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetzan aritzen direnei" emango die protagonismoa, eta baita bertako herritarrei ere.

Datorren ikasturtean ere, herriko Gobernuz Kanpoko Erakundeek ikastetxeetan egiten duten lanaren berri emango dute. Halaber, abenduaren 10ean Giza Eskubideen eguna ospatuko da, eta Modelo aretoan ekitaldi berezi bat egingo dute lan guztia balioan jarri eta elkarren artean ospatzeko. Zinegotziak nabarmendu zuenvbadakitela "lan guztia ez dela nahikoa hemen bertan kontzientzia kritikoa sustatzen ez bada". 

Aranak herritarrei dei egin nahi die "etorkizunera begira ere konpromisoari eusteko". "Lankidetza ez baita erakundeen eta elkarteen ardura bakarrik, komunitate osoarena baizik", adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide