'Guztion eskuetan' kanpaina prestatu dute, herritarrek larrialdi egoerei aurre egiteko

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 6a

Ekimenean parte hartzen duten elkarte eta erakundeetako ordezkariak. (Zarauzko Udala)

Alde batetik, larrialdietako sektoreko elkarteek euren egitekoa erakutsiko dute larunbatean, 10:00etatik 13:45era, malekoian, eta bestetik, eskuorriak banatuko dituzte herriko ikastetxeetan.

Zarauzko Udalak eta larrialdietako sektoreko hainbat elkartek zein erakundek –DYA, Osakidetza, SOS Deiak, Ertzaintza, Suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Zingira Zarautz Babes Zibila eta IPAR S.A.R.–Guztion eskuetan izeneko kanpaina prestatu dute herritarrei larrialdi edo estuasun egoeretan aurrean nola egin erakusteko. Jardunaldia larunbat honetan izango da malekoian, 10:00etatik 13:45era.

Sektoreko hainbat elkartek erakustaldi saioak egingo dituzte euren lana herritarrei gerturatu eta ezagutzera emateko. Bertan, anbulantzien eta suhiltzaileen saioak, BBB eta desfibriladore formakuntzak edota erreskate simulazioak eskainiko dituzte, besteak beste. Aurten hiru simulakro txiki antiolatu dituzte: 11:30ean, bizikleta istripuen ingurukoa; 12:30ean, sute simulazio txikia; eta 13:15ean, azkenik, itsasoko erreskate simulazioa.

Udalak eta Zingira Zarautz Babes Zibila bolondres taldeak ekitaldian parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei, larrialdi kasuetan prebentzioa ezinbestekoa delako eta horretarako, beharrezkoa delako herritarrak behar bezala prestatuta egotea.

Halaber, egitasmoaren barruan, eskuorri bat banatuko dute Zarauzko ikastetxeetan, LH3 eta DBH4 arteko ikasleen artean, larrialdi eta istripuak ekiditeko beharrezko informazioarekin. Aipatu eskuorrietan labur eta argi jasota ageriko dira egunerokoan gerta daitezkeen larrialdi egoerei aurre egiteko aholku praktikoak. Esate baterako, lehen sorospenei buruzko informazioa, etxeko sute baten aurrean egin beharrekoa, bihotz biriketako bizkortzea nola praktikatu, edota hondartzan edo errepidean gerta daitezkeen istripuetan nola jokatu.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide