Hitzordu berezia izango dute ostiral goizean kafezaleek Merkatu Plazan, Native kafetegian: Euskadiko Aeropress Txapelketa, 10:30etik aurrera. Lokalaren arduradun Jonny Wongek kontatu duen moduan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko 30 pertsona inguru izango dira hitzorduan, eta kaferik onena egiten duena izango da txapelduna. Gainera, herritarrentzat jatekoa, musika eta opariak ere izango direla aurreratu du Wongek.
Arduradunak azaldu duen moduan, parte hartzaile guztiek kafetera bera erabili beharko dute lehiatzeko, aeropress kafetera. Wongen esanetan, kafetera "oso sinplea" da. Horrexegatik, arduradunak azpimarratu du txapelketan lan txukuna egiteko ondorengo ezaugarriak eduki beharko dituztela kontuan: "Garrantzia izango du erabiliko duten uraren tenperaturak eta kantitateak, baita kafearen kopuruak ere. Izan ere, kantitateek zaporea asko alda dezakete. Gainera, eragina izango du bi elementu horiek nahasten igarotzen duten denborak ere".
Era berean, Wongek argitu du txapelketako epaimahaia kafearen munduko bost adituk osatuko dutela, eta beraien artean txandaka egingo dituztela balorazioak. Hau da, une oro hiru epaile egongo dira parte hartzaileek egiten dituzten kafeak dastatzen, eta hiru pertsona horiek txandakatzen joango dira.
Kanporaketa bidezko lehia izango da, eta modu mailakatuan kaleratzen joango dira lehiakideak, txapelketako azken txanpara bospasei onenak sailkatu arte. Antolatzaileak aditzera eman du podiuma osatzen dutenek Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu ahal izango dutela.
Konpainiaren garrantzia
Wongek aitortu du oso gustuko duela Etiopiako kafea, "garraztasun apur bat, txokolate apur bat eta fruta zaporea" dituena, kafe "leuna". Hala eta guztiz ere, garbi du kafeak ona izateko zer duen behar-beharrezkoa: "konpainia ona", alegia. Horregatik, familiartean edota lagunartean gozatzeko moduko egitaraua prestatu dute ostiralerako, txapelketaz gain.
10:00etatik 14:00etara jokatuko dute txapelketa, eta tarte horretan DJ baten saioak girotuko du hitzordua. Horrez aparte, kafe eta gozo ezberdinak probatzeko aukera izango dute herritarrek, eta kafearen inguruko tailerrak ere eskainiko dituzte une berean. Gainera, opari eta sorpresa asko egongo direla ere aurreratu dute antolatzaileek.
12:00etatik 15:30era, berriz, bazkaltzeko aukera egongo da. Horretarako, era askotako jakiak eskainiko dituzte Nativen, eta food truck bat ere egongo da Merkatu Plazako sarreran. Musikarik ere ez da faltako hitzordu gastronomikoan: 14:30ean kontzertua eskainiko du Ramona’s First Evil Boyfriend taldeak, Merkatu Plazako goiko solairuan.