Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta aldarrikapen egun horri lotutako bi ekintza egin dituzte minutu gutxiren bueltan Zarautzen. Lehenbizi, eguerdiko 12:00etan, elkarretaratzea egin du Urola Kostako Itaiak Lege Zaharren Enparantzan, udaletxe aurrean. Ordu erdi beranduago, Zarauzko Mugimendu Feministak deituta, manifestazioa egin dute herriko alde zaharreko kaleetan zehar.
Hamarnaka lagun bildu ditu Urola Kostako Itaiak Lege Zaharren Enparantzan. Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki! pankarta eskutan zutela egin dute elkarretaratzea. Emakume langileen zein sozialismoaren aldeko oihua entzun dira ordu laurden inguru iraun duen kontzentrazioan. Jarraian, musikaz lagundutako poema bat irakurri eta gero, irakurketa politikoa egin dute.
Itaiaren ustetan, Martxoaren 8ko egunari eta zapalkuntzari klase izaera kendu zaio. "Berdintasunaren aldeko diskurtsoa oligarkiaren, enpresarien eta erakundeen interes ekonomikoak eta elektoralak bermatzeko aldarri hutsal bilakatu da. Berdintasunaren baitan emakume guztion batasuna aldarrikatu izan dute, zapalkuntzaren klase izaera alboratu eta borroka desitxuratuta", azpimarratu dute.
"Alderdi eta agitatzaile faxistak" ere jarri ditu jopuntuan Itaiak, horien eskutik "ideia eta jarrera matxistak normalizatzen" ari direlako. "Batetik, emakumeon eskubideen atzerakada proposatu dute eta, bestetik, matxismoa ukatzen dute gezur eta buloen bitartez: emakumeok bizi dugun zapalkuntza asmakizun ideologikoa dela azalduta edo emakumeok esajeratu batzuk garela argudiatuta". Hori dela eta, Itaiarentzat "urgentziazkoa" da "faxismoari eta matxismoari aurre egitea".
Manifestazio jendetsua
Zarauzko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa jendetsua izan da. Ehunka lagun bildu dira Musika plazan, eta handik abiatu da martxa, Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka leloa zeraman pankarta eskutan zeramatela. Gerren aurkako mezuak eta Palestinako banderak ere ikusi dira martxan zehar. Errepidetik joan eta gero, berriro alde zaharrera sartu dira, eta Lege Zaharren Enparantzan amaitu dute manifestazioa, ekitaldi batekin. Lehenbizi, piano doinuek lagundutako bertsoak izan dira, eta ondoren irakurketa.
Munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi direla gogoratu dute, eta testuinguru horretan "sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistaren kontra eta feminismotik eraikitako munduaren alde" borrokatzera atera direla kalera ere esan dute.
Mugimendu Feministako kideek adierazi dutenez, asko izan dira azken urteetan martxan jarritako borrokak, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu dute, eta gizonak, patronalak zein agintariak seinalatu dituzte, besteak beste. "Urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina batez ere asko dute egiteko. Haiek bai; instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura".