Nondik sortu zen Erraldoiak disko liburuaren ideia?
Proiektu honen bultzatzaile nagusiak Gure Musika taldeko kideak izan dira, Urko Oskoz eta Oihane Yarza. Haien asmoa zen abesti batzuk sortzea eta beste zahar batzuk eraberrituta disko liburu bat osatzea, baina zuzeneko emanaldiak osagarri izanda. Ez zituzten grabatutako musikarekin eskaini nahi emanaldiak, eta, beraz, zuzeneko musikaz eta umeentzako animazioz beterik daude ikuskizunak. Egia da zuzeneko musika txertatzeak zailtasun gehiago ekartzen dituela, baina beste zerbait eskaintzen dio horrek emanaldiari. Hori sortzeko, Oskoz eta Yarza Korrontzi taldeko Agus Barandiaranekin jarri ziren harremanetan.
Eta gerora, zuri iritsi zitzaizun proposamena.
Bai, Barandiaranen eskutik etorri zitzaidan proiektuan parte hartzeko aukera. Harremana banuen harekin aurretik, eta hark azaldu zidan nola deitu zioten Iruñeko sortzaile batzuek umeentzako ikuskizuna eta diskoa prestatzen ari zirela esateko. Oskorrirekin haurrentzako abestiak sortutakoa nintzenez, horregatik jo zuen Barandiaranek nigana. Egia esan, orduko oroitzapen politak nituen, oso ondo pasatu nuen Oskorrirekin abesti haiek sortzen, eta, beraz, animatu egin nintzen.
Proposamena onartuta, lanean hasi behar, beraz.
Bai, prozesuaren lehen zatia izan zen abesti berri batzuk konposatzea eta kanta zaharrak moldatzea Korrontziren eta nire artean zuzenean jo ahal izateko. Abestiekin eta horien inguruko ipuinekin osatu genuen gero zuzeneko emanaldia. Izenburuan garbi ikus daitekeen bezala, erraldoiak dira ikuskizuneko beste parte garrantzitsu bat, eta horiek oholtza gainera ateratzeko ardura dute Iruñeko Ezpelur taldeko kideek.
Orotara, kide asko zaudete proiektuaren atzean. Erraza izan al da elkarlana?
Alde horretatik, oso pozik nago. Izan ere, ni adinean aurrera noa, eta proiektu honek gazte askorekin elkartu nau: erraldoiekin dabilen jendea, gaiteroak, dantzariak, gurekin kantuan dabilen Haizea Armendariz... Zentzu horretan, oso bizigarria izan da jabetzea oholtza berean hain ibilbide ezberdinetako jendea elkartu garela.
Dagoeneko estreinatu duzue emanaldia. Nolako erantzuna jaso du?
Aurreko asteburuan Bilboko Arriaga antzokian izan ginen, eta oso-oso gustura gelditu ginen emanaldiarekin. Umez bete zen aretoa, eta denak dantza eta dantza aritu ziren.
Lehen aipatu duzu oroitzapen onak dituzula umeen musika sortzeari lotuta. Nola sortzen da publiko horrentzat musika?
Kazetariek hori galdetutakoan, beti oroitzapen bera etortzen zait burura. Oskorrirekin lehen abestiak sortzen hasi nintzenean, egun batean Imanol Urbietarengana jo nuen, umeen musikan erreferentea baitzen bera. Hark garbi esan zidan: "Ez pentsa umeentzako musikak bigarren mailakoa izan behar duenik. Kalitate, maitasun eta bizitza berarekin egin behar da". Izan ere, umeak filtrorik gabeko publikoa dira, beti diote egia. Alegia, ikusi dutena atsegin badute adierazten dizute, baina ez bazaie gustatu ere bai. Egia da helduok askotan errespetuagatik bakarrik txalo egiten dugula zerbait asko gustatu ez bazaigu ere, baina ez da umeen kasua. Egia da, ordea, gauzak bihotzez eta gogo biziz eginez gero, umeek oso ondo erantzuten dutela.
Proiektura itzulita, zenbat ipuin eta abestik osatzen dute disko liburua?
Diskoan hamabi kantu daude, eta horietako bakoitzeko ipuin edo istorio bat txertatu dugu. Disko liburuan topa daitezke, adibidez, Atetxo itsusia edo Gezurrak hankamotz istorio ezagunak, baina ezagutzen ditugunez gain, lau berri ere badaude.
Aurrera begira, zein oholtzatan ikusi ahalko da Erraldoiak ikuskizuna?
Zarauztik hurbil, urtarrilaren 24an Hondarribiko [Gipuzkoa] Itsas Etxean izango gara. Martxoan, berriz, Nafarroan eta Bizkaian ibiliko gara; Lizarran, Barañainen eta Mungian, zehazki. Maiatz inguruan Lasarte-Orian [Gipuzkoa] izango gara. Data gehiago itxi nahian gabiltza, iruditzen baitzaigu oso proiektu polita dela, ez bakarrik zuzeneko musikaren berezitasunagatik, baizik eta elementu eder pila bat biltzen dituelako emanaldiak.