Astiko kirolgunea handitzea izango da Zarauzko Udalaren 2026ko udal aurrekontuetako proiektu nagusienetakoa

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 5a

Gizonezkoen futboleko lehen taldea, Astin entrenamendu batean. Atzean, udalak erosiko duen lursaila. (Guka)

Zarauzko Udalak 52,5 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Atzo ezohiko udalbatzarra eginda eman zioten hasierako onespena, udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, koalizioa ez dagoelako ados "aurrekontuen norabidearekin".

Zarauzko Udalak 52,5 milioi euroko aurrekotua izango du datorren urtean. Zehazki, 52.520.029,82 euro. Atzo iluntzean udalbatzar aretoan egindako ezohiko bilkuran behin-behinean onartu zituzten, gehiengoz, udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren aldeko hamabi botoekin. EH Bilduko bederatzi zinegotziek kontra bozkatu zuten, "aurrekontuen norabidearekin" ez daudelako ados, eta beraiek egindako "proposamenik ez" duelako txertatu udal gobernuak aurrekontuetan. 

Iker Basurko Ogasun eta Finantza zinegotziak udalbatzarrean nabarmendu zuen aurrekontu honek azken urteetan egiten ari diren lanari "jarraipena" ematen diola, eta "zarauztarren beharrei erantzunak ematen jarraitzen" duela. Ildo beretik mintzatu zen Garbiñe Oiarbide Hirigintza zinegotzia. EAJko kideek hedabide honi argitu diote, bestalde, ezin dela alderaketa egin aurtengo eta datorren urteko aurrekontuen artean, hau da, ezin dela esan igo ala jaitsi egin diren, iaz inbertsioak aurrekontuetatik kanpo kudeatu zituztelako, eta aurten, berriz, barruan txertatu dituztelako.

Basurkok jakinarazi zuen aurrekontuaren %46 Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru funtsetik jasoko duela udalak, eta %33 udalak ezarritako zergetatik eta tasetatik. Gastu garrantzitsuena udal langileena dela esan zuen, eta nabarmendu zuen %5eko soldata igoerak aplikatu dizkietela. Zentzu horretan, Oiarbidek azpimarratu zuen "anbizioa eta zuhurtzia" direla udal aurrekontu hauek ondoen definitzen duten hitzak: "Anbiziotsuak dira, zarauztarren gaurko eta biharko beharrei erantzuna emateko apustu sendoak egiten dituelako. Baina apustu horiek ez ditugu nola hala egiten, zuhurtziaz egiten ditugu, udaleko departamentu guztietan lanketa serio bat egin ondoren, udalaren gastuak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen".

Partida garrantzitsuenak

Aurrekontuei buruzko azalpenak ematearekin batera, partidarik garrantzitsuenak zenbatekoak diren jakinarazi zuten. Inportanteenak, "aurten ere", Giza Baliabideen Departamentura (15 milioi euro), Obra, Azpiegitura eta Zerbitzuen Sailera (19,4 milioi euro) eta Gizarte Zerbitzuen Sailera ( 4,2 milioi euro) bideratutakoak izango dira. Horiez gain, nabarmendu zuten Herritarren Segurtasuna 2,5 milioi euro bideratuko dituztela, Kiroletara 2,4 milioi euro, eta Kulturara, 1,3 milioi euro.

"Etorkizuneko begirada" ere badute hurrengo urteko aurrekontuek, eta horren adibide, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko jarritako partida (150.000 euro), nahiz Astiko kirolgunea handitzeko egindako gestioak eta aurkeztutako partida (160.000 euro 2026an eta 1,4 milioi euro 2027an). Azken hori izango da inbertsio nagusietako bat, eta udalbatzarreko beste puntu batean eztabaidatu eta bozkatu zuten hori.

Inbertsioak guztira 11 milioi euro baino gehiagokoak izango direla jakinarazi zuten. Proiektu garrantzitsuenen artean daude Santa Klara komentua birgaitzea (4 milioi inguru, horietatik 3 diru laguntzetatik), Zarauzko autobus geltoki berria egitea eta itsas pasealekurako eta Munoarako Urban Klima proiektua garatzea. Hirigintzari lotuta, Aresti kalea berrurbanizatzea aipatu zuten (780.000 euro), baita kaleko argiteria berritzea ere (400.000 euro).

Kirolaren arloan, aipatutakoaz gain, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak esan zuen kiroldegiari estalpea jartzea eta Astin estalitako lau padel pista egitea aurreikusi dituztela aurrekontuetan.

Ingurumen arloa ere aipatu zuen Illarramendik, eta esan zuen Zarata Maparen inguruko lanak amaituko dituztela datozen urtean, eta eraztun berde-urdinera 100.000 euro bideratuko dituztela, aurten bezala.

Astin 25.000 metro koadro lur erostea

Atzoko udalbatzarreko aparteko puntu batean, laugarren puntuan, eztabaidatu eta bozkatu zuten udalak Astin lurrak erostearen gaia, kirolgunea handitzeko helburuarekin. Xabier Txurruka alkateak jakinarazi zuenez, lur horiek futbol zelaien atzean daudenak dira, "estrategikoki oso ondo kokatutakoak", eta haren ustez, "aukera paregabea" da lur horiek jabetza publikora igarotzea. Zazpi urteko negoziaketen ondorio dela esan zuen, baita Zarauzko Udala "1987. urtetik" ari dela Astiko zati hori erosi nahian ere. Sakoneta baserriaren lurrak dira, eta jabeekin adostu dute 25.000 metro koadro erostea 1,6 milioi euroren truke –tasazioaren prezioa dela zehaztu zuen Txurrukak–. Hitzarmena sinatzean ordainduko lukete %10, eta gainerakoa, udalaren plan orokorrean aldaketa puntuala egitea onartutakoan, beharrezko gestio legala baita hori.

Ondoren, herriko kirol taldeen nahiz herritarren iritziak jasoko lituzke udalak, prozesu parte hartzaile bat eginda, Astin zehazki zer berrikuntza egin erabaki aurretik. Hala nabarmendu zuten atzo EAJko eta PSE-EEko kideek.

Proposamen hori ere EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten. EH Bilduk kontrako boza eman zuen, eta Ion Arozenak eman zituen horretarako arrazoiak. Esan zuen hiru gai bereiztu behar zirela: batetik, udalak bereganatzea lur saila. Horrekin ados agertu ziren. "Positiboa iruditzen zaigu udalaren jabetzakoa izatea lur horiek; herriarentzat albiste ona da". Ordea, esan zuen EH Bilduk ez daukala argi eremu berria kirolerako izatea den egokiena, ala uholde arriskuei eta klima aldaketari aurre egiteko aprobetxatu beharko litzatekeen. Horregatik, esan zuen begi onez ikusten dutela prozesu parte hartzaile bat egitea. 

Azkenik, esan zuen ez dagoela ados udalak jabeekin egindako hitzarmenarekin, jabeek zortzi etxebizitza egiteko aukera izango dutelako, eta hori "diskriminatzailea" iruditzen zaielako gainerako lurjabeekiko. "Ados gaude lurrak erostearekin eta hausnaketa prozesu bat abiatzearekin, baina ez herritarren artean desorekak eragiten dituen hitzarmen batekin", laburbildu zuen Arozenak koalizioaren posizioa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide