Beste urte batez, iluntasuna izango da nagusi Gau Beltzean. Gurutxurtu aisialdi taldeko begiraleek bigarren urtez antolatu dute beldurrezko ibilbidea, iaz arrakasta handia izan baitzuen. Santa Klarako komentua izango da eszenatokia, baina aurten istorio eta espazio berriekin datoz, herriko haur, gazte eta helduek euskal ohiturak pasarte beldurgarriekin uztartuta bizitzeko aukera izan dezaten.
Laia Ibarguren Gurutxurtu taldeko kidea ideiaren jatorriaz mintzatu da: "Jalgi dantza taldeak proposatu zigun egun horretan zerbait egitea". Gau Beltzaren esanahiari erreparatuz, begirale taldeari beldur gaua antolatzea ideia "ezin hobea" iruditu zitzaion. Gainera, Gurutxurtuko topaketetan une oro beldurrezko jolasak egiten dituztela adierazi du, eta badakite umeei "asko gustatzen" zaizkiela. Hori horrela, herriko jendeari ere beldurrezko zerbait egitea gustatuko litzaiokeela pentsatu zuten.
Ibilbidearen lehen edizioak arrakasta handia izan zuen: "Ez genuen espero hainbeste jende etorriko zenik, eta lan handia ere izan zen", aitortu du Ibargurenek. Baina, oro har, "oso gustura" geratu zirela eta amaitzean guztiek "errepikatzeko gogoa" zutela egin du azpimarra. Antolatzailearen ustez, ekintzak izan zuen arrakasta ez da soilik beldurrarekin lotutako jolasaren ondorioa, baizik eta herrian halako proposamen berriak ohikoak ez izateak ere badu horretan eragina: "Herrian ekintza berriak proposatzea garrantzitsua da, jendeak kuriositatea duelako eta horrek jende asko mugiarazten duelako".
Aurten ere Santa Klara izango da ekintzaren bihotza, baina hainbat berrikuntza izango ditu ibilbideak: "Lehenengo aldiz eliza erabiliko dugu, eta istorio berria prestatu dugu". Euskal kultura eta Gau Beltzaren jatorria izango ditu oinarri kontakizunak, baina modu "dibertigarrian" azalduko dute. Taldeak hilabete baino gehiago darama lanean, eta prestakuntza ere txukun antolatu dute. "Lehen bilera duela hilabete egin genuen. Ondoren, lantalde txikiagoetan banatu gara bakoitzari ardura bat esleituz". Komunikazioaz, istorioaz eta materialaz arduratzeaz gain, udalarekin harremanetan jartzea eta informazioa zabaltzeko kanal bat sortzea ere "ardura garrantzitsuak" izan dira. Aste honi dagokionez, Santa Klara bera apaindu dute eta azken xehetasunak jarri dituzte: "Gauerako prest izango dira iluntasuna, musika eta kea".
Mezu garrantzitsua
Ibilbidearen helburua ez da soilik entretenitzea, mezu sakonago bat du atzean: "Euskal ohiturak eta Gau Beltzaren esanahia herritarrek ondo ulertzea" nahi dute. Iazko istorioan, Santa Klarako arimak haserre zeuden, herriko jendea haietaz ahaztu zelako. "Parte hartzaileen helburua arimak askatzea zen, ohitura zaharrak gogoratzeko", kontatu du Ibargurenek. Aurten, beste istorio batekin, ideia bera mantendu nahi dute: hau da, bertaratzen direnei azaldu nahi diete zergatik utzi zion jendeak Gau Beltza ospatzeari eta zergatik ari diren ohitura berpizten.
Antolatzaileek beldurraren eta segurtasunaren arteko oreka mantenduko dute gaueko ekintzan. "Iluntasuna eta sustoak erabiltzen ditugu, baina beti neurrian". Bisitariei jakinarazten diete beldurra sentitzea "normala" dela eta nahi dutenean atera daitezkeela ibilbidetik. Horrez gain, arriskutsuak izan daitezkeen objektu zorrotz guztiak aztertzen dituzte: "Atxurrak, sardeak edo bestelako tresnak zeloarekin biltzen ditugu, eta epilepsia kasuak badaude, argi efektuak egokitzen ditugu". Argi dute segurtasunak sustoek baino "garrantzi handiagoa" duela.
Guztientzako esperientzia
Ekintza denentzat dago prestatuta: "Etorri nahi duten guztientzat daude ateak zabalik", dio aisialdi taldeko kideak. Hori dela eta, eragingo den beldur maila egokitu egingo dute txikienentzat, baina helduentzat, berriz, maila handiagoa izango da. Horren ondorioz, bakoitzak bere modura gozatzeko aukera izango duela baieztatu dute. "Guretzat politena gau hau antolatzea eta elkarri sustoak ematea da". Barre asko egiten dutela onartu du begiraleak, eta jendea beldurtuta oihuka hasten denean haientzat seriotasuna mantentzea "erronka" bat dela ere adierazi du.
Amaitzeko, herritarrak animatu ditu gaueko ibilbidera: "Animatu eta probatu". Aurreko urtean bertaratu ziren gehienek aurten errepikatu egingo dute esperientzia, eta hori begiraleentzat seinale "oso ona" da. Hileko azken egunean, iluntasuna eta misterioa Santa Klaran murgilduko dira, ke artean eta esku-argien dirdiran, herriko arimak berriro pizteko. Agian, aurten ere, batzuk lasai itzuliko dira etxera.