Goizean zehar, aspertzeko betarik ez dute izan Vista Alegre auzoan. Izan ere, Gipuzkoako Orientazio Taldeak Vista Alegreko auzo elkartearekin elkarlanean, orientazio proba antolatu dute haur eta gazteentzat.
10:00etan zuten jarria hitzordua, baina asko eta asko denboraz gerturatu dira auzo lokalera, probarako prest egoteko. Bertan, orientaziorako beharrezko materiala eman diete antolatzaileek, eta ondoren, ondoan dagoen saskibaloi kantxan elkartu dira guztiak. Mapa jaso dute azken momentuan, eta orduan ezagutu dituzte parte hartzaileek bilatu beharreko puntuak. Horiek, Vista Alegre auzoan, Torreoi inguruan eta Santa Barbara ermitaren bueltan kokatu dituzte.
Guztira, 150 bat pertsonek parte hartu dute, zailtasun desberdineko bi probatan banatuta. Txikienek gurasoek lagunduta osatu dute ekintza, eta zaharrago diren gehienek, berriz, lagunekin batera. Antolatzaileek garbi utzi nahi izan dute proba ez dela lehiaketa, nahiz eta lehiakorrenek korrika saio batzuk egin dituzten baliza guztiak bilatzeko. Orokorrean, giro aparta nagusitu da, kirol, orientazio eta kuadrilla giroan.