Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Mende erdi atzera, gertatutakoa kontatzeko

Intza Trula 2025ko ira. 28a, 16:19

1975 herri ikuskizuna aurkeztu dute gaur eguerdian, Juan Paredes Txiki-ren omenez. Atzo bete ziren 50 urte erregimen frankistak zarauztarra fusilatu zuenetik, eta gaurko emanaldian bere bizitzako zenbait une irudikatu nahi izan dituzte.

50 urte atzera egin du gaur Zarauzko herriak, 1975. urtean jazotakoa "memoriara ekartzeko" helburuarekin. 1975 herri ikuskizun ibiltaria aurkeztu dute eguerdian, Juan Paredes Txiki zenaren omenez sortutakoa, haren eta Angel Otaegi azpeitiarraren fusilamenduaren 50. urteurrenaren biharamunean. Txikiren senideek lehen lerrotik jarraitu dute Zarauzko herriak eskaini dien aitortza, eta inguruan izan dituzte ehundaka herritar, babesa eta berotasuna helarazten.

Azken Portuko Egaña kalea izan da ikuskizuneko lehen kokalekua, Txikiren etxea izan zenaren ataria, zehazki. Juan Paredes Txiki (Ioritz Bastarrika), Mikel Paredes (Erik de Saint Andre) eta Antonia Manotas (Ascen Exposito) autoan heldu dira aipatu auzora, Extremaduratik, bizitza berri bati hasiera emateko nahiarekin. Andoni Egañak hainbat bertso eskaini dizkio Txiki zenari, haren bizitokiaren ezkaratzean, eta Jon Benitok olerki bat irakurri du.

Jarraian, Plaza Gorrian langile borroka eta garai hartako giro politikoa irudikatu dituzte. Han, mendizaleekin elkartu da Txiki; lagun horiek sortu zioten Euskal Herriarekiko lotura, hain zuzen ere.

Frontoi Txikirako bidea hartu dute ondoren, Goizeko Ihintza txistulari taldearen laguntzarekin. Burgosko (Espainia) epaiketa irudikatu dute han, abuztuan zendu zen Arantza Arruti militante eta abertzale feminista gogoratuz. Trikitilarien eta bertsolarien parte hartzea ere izan da une horretan. Zehazki, Uxue Alkorta, Andoni Egaña eta Julen Zulaika bertsolariek abestu dute.

Zalantzarik gabe, Torre Luzean bizi da gaur ekitaldiko unerik hunkigarriena, lehen Guardia Zibilaren kuartel zaharra zegoen lekuan, alegia. Itziarren seme Andoni Arrizabalaga eta beste hainbat zarauztar bertan torturatu zituztela salatu dute, Montetxio, Olagarro eta Xumela abesbatzen laguntzarekin. Atxiloketa eta fusilamendua nola izan ziren ere bertan kontatu dute, Jalgi dantza taldearen emanaldiarekin jantzita.

Emanaldiak Musika Plazan zuen helmuga, eta hara heltzeko manifestazio jendetsu bat irudikatu dute familiak, aktoreek eta herritarrek. 1975. urtean egoera salatzeko egindako mobilizazio bat antzeztu dute, eta horretarako Txiki Otaegi herria zuekin idatzia zuen pankarta batekin. Dozenaka herritar zituzten Musika Plazaren sarreran zain, senideei babesa emateko nahiarekin guztiak.

Kioskoan amaitu dute emanaldia, eta "esperantzazko etorkizun bat" irudikatu dute bertan. Txikiren senideek hartu dute hitza ikuskizunaren azken une horretan, emanaldian parte hartu duten guztiei eta herritarrei eskerrak emateko, "jasotako babes guztiagatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide