Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Txiki eta harekin fusilatutakoak gogora ekarri dituzte hilerrian

Erredakzioa 2025ko ira. 27a, 15:00

Urtero legez, Gudari Eguneko ekitaldiak egin dituzte Zarauzko hilerrian, Txikiren hilobiaren aurrean. Ezker Abertzaleak deitutakoa egin dute lehenik, eta eguerdian izan da Ahaztuak 1936-1977 elkartearena. Dozenaka herritar, senitarteko eta lagun elkartu dira horietan.

Ezker Abertzaleak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteak ekitaldi bana egin dute gaur, Gudari Egunean. 50 urte bete dira Francoren erregimenak Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituenetik, eta aipatu bostak omentzeko herritar ugari elkartu da hilerrian.

Ezker Abertzalearen ekitaldian nabarmendu dute "Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenen menpe" jarraitzen duela Euskal Herriak. Dena den, Txiki eta Otaegiren oroimena "harago" doala esan dute, "aske izan nahi duen herria" irudikatzen dutelako. Fusilatua izan aurretik Txikik egin bezala, Euskal Estatu sozialista aldarrikatu dute.

Aurrez aipaturikoekin batera, Francoren erregimenaren aurka borrokatutako guztiak izan ditu gogoan Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Esan dute faxismoaren aurka egitea ez dela krimen bat, egin beharreko zerbait baizik, eta borrokalari antifaxistak gogoratzea ez dela terrorismoaren apologia egitea, erresistentziaren apologia egitea baizik. Beren memoriaren ondarea borroka dela esanaz amaitu dute ekitaldia. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide