Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Hilaren 26ra arte bisitatu daiteke '1975. Dena jokoan zegoen urtea' erakusketa

Intza Trula 2025ko ira. 23a, 09:30

Atzo zabaldu zuten Iratzar fundazioak Olaso Dorrea fundazioarekin elkarlanean ondutako erakusketa, EH Bilduren lokalean. Juan Paredes Txiki-ren eta Angel Otaegiren fusilamendua du oinarri.

Azpeitian inauguratu zuten pasa den astean 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketa, eta atzo egin zuten Zarautzen, EH Bilduk Bizkaia eta Urdaneta kaleen artean duen lokalean. Dozenaka lagun elkartu ziren irekierara, eta tartean izan ziren, besteak beste, Juan Paredes Txiki zarauztarraren senideak, baita Zarauzko EH Bilduko kideak ere.

Iratzar fundazioko Andoni Olariagak azaldu zituen Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urtemugarekin bat egin duen egitasmoaren nondik norakoak. Berak azaldu zuen moduan, bost ataletan banatuta dago bilduma, eta, guztira, hamabost panel irakur daitezke. Hain justu, 1975. urtean, Francoren diktaduraren azken uneetan, hasten da kontakizuna; azken atala, berriz, 78ko erregimenari lotuta dago.

Era berean, Olariagak Zarauzko EH Bildu eskertu zuen arratsaldeko inaugurazioan, erakusketa jartzeko lokala utzi izanagatik. Izan ere, Zarauzko Udalak ukatu egin zien bilduma udal eraikin batean jartzea.

Erakusketa ibiltaria da, eta Azpeititik eta Zarauztik igaro ostean, urrian Tolosan (Gipuzkoa) eta Gasteizen jarriko dute. Halere, Interneten ere eskura dago edukia, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, 1975-2025erakusketa.eus webgunean.

Hala, goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta irailaren 26an, ostiralean, erakusketa Plaza Gorrian izango da ikusgai. Egun berean, gainera, 19:00etan, Txikiri aitortza instituzionala egingo diote udaletxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide