Nahikari Osa: "Hutsetik abiatu behar dugu, eta gero etorriko da etorri behar duena"

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 19a, 11:00

Nahikari Osa, Zarauzko patroia. (Juan Luis Romatet)

Enbata-ren gidaria da Nahikari Osa (Zumaia, 2004). Bi urte daramatza Zarautz Arraun Elkartean, emakumeen traineruan patroi lanetan. Asteburuan jokatuko dute Euskotren ligarako play-off-a, larunbatean Bermeon eta igandean Portugaleten. "Igandean betetzen ditut 21 urte, eta igotzen bagara, poza bikoitza izango da", adierazi du ilusioa ezin ezkutatuta.

Denboraldi galanta egin duzue aurten.

Denboraldiaurreko txapelketetan postu onak lortzen hasi ginen. Ez genuen espero hain ondo ibiltzea. Pasa den denboraldian, Zumaia eta Astillero igo ziren ETE ligatik, eta aurten espero genuen San Juanekin borroka izango genuela, baina ez genuen espero Ondarroa, Kaiku eta besteak hain atzean ibiltzea. Azkenean, San Juanen eta gure artean izan da lehia, eta play-off-etara sailkatzeko postuetan kokatuta ibili gara une oro bi taldeak. Kaikuk bandera bat lortu du, baina ezusteko gehiago ez du eman.

Zarauzko Bandera ere irabazi duzue aurten. Lehendabizikoz eskuratu duzue etxeko estropada, gainera.

Bai, bai. Azkeneko estropada, liga irabazi genuenekoa, berezia izan zen, baina denboraldi osoko bereziena Zarauzkoa izan zen. Eskifaia ia osoa zarauztarra da, eta izugarrizko ilusioa egiten zien bertan aritzeak. Irabaztea izugarria izan zen, bai beraientzat, baina baita niretzako ere. Nahiz eta hangoa ez izan, sekulako ilusioa egin zidan taldekideengatik.

Traineru barruan nola bizi izan duzue egindako denboraldia?

Gure taldea oso gaztea da. Batez besteko adina 20 urtekoa da. Aurten igo diren sei jubenil ditugu, 16 urtekoak. Alde horretatik, esperientzia gutxiko trainerua da, baina gogo eta ilusio handia dituena. Denontzako izan da liga irabazi dugun lehen aldia. Kontxan ere lehenengo aldiz sartuko ginen, baina ezin izan dugu jokatu.

Epaileek jarritako isun batengatik geratu zineten Kontxatik kanpo. Gogorra izango zen. Handik errekuperatzea erraza egin al zaizue?

Lehenengo eguna oso gogorra izan zen; ontzi barruan ospatu eta dena egin genuen lorpena. Albistea jaso genuenean, sekulako tristura sentitu genuen, eta egun hura oso gogorra izan zen. Entrenatzaileak bi atseden egun eman zizkigun. Dena den, txipa aldatu genuen, eta berriro hutsetik hasi ginen, atzera kontu batekin: hamahiru egun falta dira play-off-erako, hamabi egun... Beste helburu batzuk jarri genituen: Bermeora joan ginen, elkarrekin bazkaldu...Taldea egiteko erabili dugu denbora. Igoerako lehian bost ontzi arituko zarete.

Pasa den igandean Kontxan ikusitakoaren arabera, badirudi Donostiarra beste maila batean dagoela. Nola ikusten dituzu aurkariak?

Donostiarra goian ikusten dugu. Euskotren liga behean hasi zuen, baina azkenaldian gorantz egin du, eta beraiek dioten bezala, momenturik onenean daude. Hala ere, pentsatzen dut ez direla gu baino askoz gehiago. Beraiek ere aurten baja pila bat izan dituzte, eta jende gaztea dute. Faborito bezala ikusten dugu, eta Euskotren ligan jarraituko duela uste dugu. San Juan, bestalde, hortxe izan dugu denboraldi osoan, hurbil, eta pentsatzen dut hor jarraituko duela. Chapela, Kontxan, hamabost bat segundora geratu zen, pixka bat atzetik. Hala ere, ez gara lasaituko eta badakigu ezustekoa emateko gai direla.

Galiziako traineruek egin dezaketena beti da misterioa...

Gainera, beraiek mutilen distantzia berean egiten dute denboraldia. Gure distantzia bikoitza egiten dute, lau luze eta hiru ziabogarekin. Chapelak liga eta bandera asko irabazi ditu, baina beraien denborak ez dakigu oso ondo nolakoak diren gurekin alderatuta; erritmoak-eta ez dira berdinak.

Play-off-era begira, planifikazio berezirik egin al duzue?

Gure helburua Kontxan sartzea zen, horrek emango zigulako play-off-etara indartsu joateko bultzada. Ez zen horrela izan. Hala ere, ez dut uste urte osoan egindakoarekin alderatuta ezer aldatu dugunik. Egia da Bermeoko estropada eremua hartu dugula erreferentzia bezala, eta itsasoan entrenatzen okerka ibili garela. Bermeoko estropada eremua okerra da; ez da olatuen alde, ez kontra. Joan den larunbatean Bermeora joan ginen, erreferentzia batzuk hartzera. Azkenean, ez da sekreturik izango: arraunean egin behar da, bai joaterakoan, bai bueltatzean, eta txalupa orekatuen eramaten duenak asmatuko du. 

Igandeko saioa, Portugaletekoa, ibaian izango da. Bermeon lortutako emaitzen arabera aterako gara igandean; erreferentzia batzuk izango ditugu, edo ez. Ateratzen lehenak izanda ez dakizu beste ontziak nola ibiliko diren, baina azkena aterata jakingo duzu estutu behar duzun edo ez.

Denboraldian ikusitakoaren arabera, igotzeko aukerak dituzue. Halako une batean, ez da erraza izango urduritasuna kontrolatzea, ezta?

Entrenatzaileak esan digu hutsetik abiatu behar dugula, eta gero etorriko dela etorri behar duena. Baina pentsatzen dugu herrian sorpresaren bat prestatuko digutela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide