Zarauzko Udalak memoria ekitaldia egingo dio Juan Paredes Txiki-ri irailaren 26an, ostiralez, udaletxeko areto nagusian. Hedabideetara bidalitako oharrean zehaztu duenez, 19:00etarako jarri du hitzordua erakundeak, eta ordu horretan hasita, adierazpen instituzionala irakurriko dutela adierazi du. Erakundeak esan duenez, udalean ordezkaritza duten talde politiko guztien arteko lankidetzaren eta adostasunaren emaitza izango da ekitaldia.
Ekitaldiaren berri Iraitzar eta Olaso Dorrea fundazioen 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketa Zarautzen jartzeko udal aretorik utzi ez izanak sortu duen zalapartaren erdian eman du erakundeak. Hain zuzen ere, atzo eman zuen udalaren debekuaren berri Naizek, eta udalak Gukari adierazi zion Zarauzko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako kideek parte hartzen duten –EAJkoek, PSE-EEkoek eta EH Bildukoek– Bizikidetza Mahaian hartu zutela erabakia. Euskadi Irratiak, udalaren iturriak aipatuta, debekuaren zergatiak azaldu ditu gaur.