Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioen erakusketak "errelatoaren ikuspegi bakarra" eskaintzen duela argudiatu du Zarauzko Udalak

Julene Frantzesena 2025ko ira. 17a, 11:03

Herritar batzuk Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketaren inaugurazioan, Azpeitian. (Mailo Oiarzabal)

Joan zen astelehenean inauguratu zuten Azpeitian 1975. Dena jokoan zegoen urtea izeneko erakusketa, eta hilaren 22an Zarautzera eramango dute. Han, baina, ez dute udal areto batean erakutsiko, horretarako baimenik ez baitie eman udalak. Euskadi Irratiak gaur esan duenez, udalak dio erakusketak ez dituela betetzen Gogora Institutuak ezarritako egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioak. Zarauzko EH Bilduk esan du ez duela ulertzen eta partekatzen Udal Gobernuaren erabakia.

Zarauzko Udalak ukatu egin die Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioei Txikiren eta Otaegiren fusilamenduari buruzko erakusketa egiteko udal aretoak erabiltzea. Hori dela eta,1975. Dena jokoan zegoen urtea izeneko erakusketa EH Bilduren egoitzan jarriko dute, irailaren 22tik 28ra.

Naiz hedabideak eman zuen udalaren debekuaren berri atzo, eta Guka udalarekin harremanetan jarri zen, gaiaz hitz egiteko. Udalak adierazi zioenez, erakundean ordezkaritza duten hiru alderdietako kideek parte hartzen duten –EAJkoek, PSE-EEkoek eta EH Bildukoek– Bizikidetza Mahaian hartu zuten erabakia. Dena den, ez zuen azalpen gehiago eman, mahai horretan hitz egindakoa konfidentziala dela argudiatuta.

Gaur, baina, Euskadi Irratiak, udalaren iturriak aipatuta, debekuaren zergatiak azaldu ditu. Iturri horien arabera, Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek martxan jarri duten erakusketa ibiltariak "errelatoaren ikuspegi bakarra" eskaintzen du, "ezker abertzalearen ildokoa", hain zuzen ere. Udalaren arabera, erakusketak ez ditu betetzen Gogora Institutuak ezarritako egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioak; izan ere, ideologizatutako "diskurtso militatea" erakusten du, eta "ez du erakusten ETAk eragindako sufrimendua". Are gehiago, erakusketak errelato "partziala, ideologikoa eta ez anitza" eskaintzen dituela esan dute erakundearen iturriek.

Txiki eta Otaegi etakideak 1975eko irailaren 27an hil zituen Francoren erregimenak, eta hilketen 50. urtemuga aitzakia hartuta, hainbat lekutan jarriko dute erakusketa Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek. Orain, Otaegiren herrian, Azpeitian da ikusgai, baina gero Zarautzera –Txikiren herrira–, Tolosara eta Gasteizera ere eramango dute. Zarautzen, baina, ez dute udal areto batean jarriko erakusketa, udalak ez dielako horretarako baimenik eman.

Ez ulertu, ez partekatu

Zarauzko EH Bilduk oharra kaleratu du, eta azaldu du ez duela ulertzen eta partekatzen erakusketa udal eraikin batean jartzeko aukera ukatu izana. Txiki erail zutenetik mende erdira, Zarauzko Udalak ez duela erakusketa jartzeko baimenik eman azpimarratu du, eta kontrara, esan du Azpeitikoak erakusketa jartzeko aukera eskaini duela Otaegiren jaioterrian. "Txiki Zarauzko herritarra zen, eta ez dugu ulertzen eta partekatzen haren jaioterriko udalak hartu duen erabakia, eta ez ditugu ulertzen eskaerari ezetz esateko emandako arrazoiak ere", esan du EH Bilduk. Gaiaz hitz egiteko gauzatutako bileran Zarauzko Udal Gobernuko ordezkariei ere hala jakinarazi zietela esan du.

Txikiren eta Otaegiren senideek, bost hamarkadatan, fusilamenduek eragindako sufrimenduaz gain, "askotariko jazarpenak eta urte luzeetako ahanztura" jasan behar izan dituztela esan du EH Bilduk. Dena den, "zorionez", urteotan herri ekimenez haien senideei hainbat oroimen eta aitortza ekitaldi egin dizkietela ere esan du, eta horren erakusle dela hilaren 28rako Zarautzen antolatu duten herri ikuskizunaren emanaldia.

EH Bilduk esan du "bere ekarpena" egingo duela, eta horrenbestez, Bilgunea utziko diela Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioei 1975. Dena jokoan zegoen urtea izeneko erakusketa Zarautzen jartzeko. Irailaren 22tik 26ra egongo da zabalik erakusketa, EH Bilduren Urdaneta kaleko egoitzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide