Gutuna

50 urte. Guk ere badugu zerbait esateko

Eider eta Eneritz Paredes Azkue 2025ko ira. 15a, 11:50

Txiki eta Otaegiren olana Azken Portuko festetan. (utzitakoa)

Jon Paredes Txikiren iloba diren Eider eta Eneritz Paredes Azkue ahizpek ondorengo gutuna helarazi dute, fusilamenduen 50. urteurrenaren harira.

Irailaren 27an 50 urte beteko dira gure osaba Jon, Angel Otaegi, Jose Luis Sanchez Bravo, Xose Humberto Baena eta Ramon Garcia fusilatu zituztenetik.

Azken asteetan jende askok hitz egin du eta bada garaia guk ere hitz egiteko.

Zarauzko Santa Barbaran olana jarri eta 24 ordura, Zarauzko Udalaren aginduz, kendu egin zuten. Zarauzko alkateak (EAJ) oraindik ez du ezer esan, Illarramendiren (PSE-EE) adierazpenen atzean ezkutatu da. Lotsagarria.

Gogorako zuzendariak (PSE-EE) adierazpen lotsagarri batzuk egin zituen. Pertsona horrek barkamena eskatu eta dimititu egin beharko luke, garbi gelditu baita ez daukala garbi ze instituzio ordezkatzen duen. Berriro ere EAJk ez du ezer esan (Urkulluk salbu). Zarauzko Udalean bezalaxe PSE-EEren atzean ezkutatu da. Horrek izen bat du: hipokritak.

Sekula ez dugu ezer espero izan EAJ eta beraien lagunengatik, garbi baitugu lehenengo eta bigarren mailako biktimak daudela. Baina aurpegia eman dezatela, gaitasuna badute; ez dugu uste. Baina, gure oroimenerako eskubidea ez digute kenduko.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Zarautzen olana jarri zutenei, udalaren aginduz kendu ondoren, jaso eta Azken Portun zabaldu zutenei, estropadetan txalupan pankarta atera zutenei, herri ikuskizuna prestatzen dabiltzanei, Gasteizen, Iruñean, Azpeitian, Durangon eta beste hainbat txokotan, oztopo guztien gainetik, ez ahazteko lanean ari zareten guztioi.

Bukatzeko, iraileko azken asteburuan Cerdanyola, Bartzelona, Zarautz, Iruñea, Azpeitia eta beste toki askotan gogoratuko ditugu.

Atzo, gaur eta beti. Askatasun Haizea. 

Gora Euskal Herria Askatuta!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide