'1975. Txiki Otaegi' herri ikuskizuna aurkeztuko dute hilaren 28an, "bizitakoa gogora ekartzeko"

Intza Trula 2025ko ira. 12a, 20:33

'1975. Txiki Otaegi' herri ikuskizunaren aurkezpen ekitaldia, Azken Portuko Plaza Gorrian. (Intza Trula)

Jon Paredes Txikiren eta Angel Otaegiren hilketaren 50. urteurrenaren harira prestatutako ikuskizuna izango da, "memoria ariketa bat". Emanaldi ibiltaria izango dela aurreratu dute; 12:00etan hasiko da, Azken Portuko Egaña kaletik, Txiki bizi izan zen etxearen aurretik.

Irailaren 27an 50 urte beteko dira Frankoren erregimenak Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituenetik. Urtemugaren harira, herri ikuskizuna prestatu dute Zarautzen, 1975. Txiki Otaegi izenburupean, eta hilaren 28an aurkeztuko dute, 12:00etan. Gaur arratsaldean bildu dira emanaldiaren aurkezpena egiteko, Azken Portuko Plaza Gorrian, eta bertan izan dira, besteak beste, Txikiren senitartekoak.

Hain justu, aurkezpena egiteko aukeratutako auzoan abiatuko dute ikuskizun ibiltaria, Egaña kalean, Txiki bizi izan zen etxearen atarian, alegia. Josu Txapartegi Txapas-ek gogora ekarri duen moduan, Txiki 9 urterekin heldu zen Extremaduratik Zarautzera: "Euskara entzun zuenean ohartu zen bere herria ez zen beste batera iritsi zela". Halaber, gehitu du Txiki "azkar" jabetu zela herri honen zapalketaz: "Bere bizia eskaini zion Euskal Herriari, Extremadurako bere sustraiei uko egin gabe. 19 urterekin ETAn sartu zen, eta 21 urterekin fusilatu zuten".

Txapasen esanetan, Txikik duela 50 urte bizitakoa "memoriara ekartzea" da ikuskizunaren helburuetako bat, "belaunaldi berriek jakin dezaten 1975. urtearen bueltan gure herriak, Euskal Herriak, bizi zuen debeku, zapalketa eta beldur egoera orokortu hura". Haren hitzetan, "memoria ariketa" izango da, eta Txikiren amagatik eta familiako kideengatik ere egin dutela emanaldia zehaztu.

Auzolanean sortua

Emanaldia "auzolanean" egindako zerbait izango dela argitu dute, eta horretarako bertan parte hartuko dute herriko zenbait idazlek, dantzarik, margolarik, bertsolarik eta antzezlek, baita koruak eta Txikiren familiak ere. Esaterako, Jon Benitok olerki bat irakurriko duela aurreratu dute, Antonia Manotasen –Txikiren ama– audioak jarriko dituztela bozgorailuetatik, Andoni Egañak bertsotan jardungo duela eta antzezleek Txikiren familiaren Zarautzera etorrera irudikatuko dutela.

Hala, Egaña kalea, Plaza Gorria, Frontoi Txikia, kuartel zaharra eta Torre Luzea zeharkatuko dituzte hilaren 28an, eta Musika Plazan emango diote amaiera ikuskizunari. Txapasek azaldu duen moduan, "esperantzazko etorkizun bat" irudikatuko dute Musika Plazan, "diktadura, fusilamendu eta sufrimendu guztien gainetik herri honek bere bidea aukeratu duela esateko, eta faxismoaren itzala gero eta haziago ikusten dugun honetan, etorkizuna bakean eta askatasunean oinarrituko dela irudikatzeko".

Hala, herritar zein instituzio guztiei dei egin diete herri ikuskizunean parte har dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide