Hirukoak, hirukoa helburu

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025ko abu. 28a, 10:00

ETE liga irabazi berritan, "pozarren" daude Enbatako neskak, tartean Makazaga ahizpak. Orain, Kontxara sailkatzea eta igoera dituzte jomugan.

Izugarrizko denboraldia egin ostean, ETE liga irabazi du Zarauzko Arraun Elkarteko emakumezkoen traineruak. Larunbatean jokatu zuten ligako azken jardunaldia, Bilbon, eta bigarren amaitu zuten bertan. Estropada ez, baina bigarren postuan sailkatzeak behar zituzten puntuak eman zizkien Zarauzkoei sailkapen orokorrean San Juanen aurretik geratu eta liga irabazteko. Besarkadak, musuak eta irribarreak nagusitu ziren lorpen hori eskuratzean, eta egun batzuk pasatu diren arren, pozarren jarraitzen dute taldeko neskek. ETEko webgunearen arabera, guztira hemeretzi neskak osatzen dute taldea, tartean Makazaga ahizpek. Zaharrena da Maddi (Zarautz, 1999), eta familia osatzen dute Saioa eta Ane bikiek (Zarautz, 2004). 

Ospakizuna emaitza jakin berritan hasi zutela adierazi dute. "Pantalanean bertan saltoka ibili ginen, furgonetan musika ozen jarrita itzuli ginen, eta herrira itzulita harreraz gozatu genuen familiarekin eta lagunekin. Ondoren, bokata eder bat jan genuen elkarrekin", azaldu dute. Irribarre artean gehitu dute parrandarik ez zutela egin, "erabat nekatuta" zeudelako. Zoriontasuna, baina, aurretik zetorrela azaldu dute ahizpek, Zarauzko estropada irabazi zutenetik. "Etxeko estropada eta liga irabaztea edozeinek nahiko lukeen zerbait da, amets bat", azaldu du ahizpetan zaharrenak. Gainera, herritarren aldetik "babes handia" jaso dutela ere gehitu dute: "Herria ez balitz gurekin egongo, desberdina izango zen garaipena". 

Poztasunak poztasun, "presio puntu bat" ere bizi izan dutela erantsi dute arraunlariek, ez bakarrik joan den astean, denboraldi osoan baizik. Izan ere, hasiera-hasieratik lehia bizia izan dute Zarauzkoek San Juanekin. "Paretsu geunden sailkapenaren goikaldean, eta sentitzen genuen egindako lan guztia azken estropadan jokatzen genuela, asko genuelako galtzeko gauzak gaizki eginez gero". Hori dela eta, larunbateko jardunaldian, presioaz gain, bestelako emozioak ere bizi izan zituztela diote ahizpek: urduritasuna, gogoa, beldurra... 

Taldea, batuta

ETE liga 2019an sortu zuten, eta handik bi urtera, 2021ean, osatu zuten Zarautzen emakumezkoen trainerua. Harrezkero, ia bost urte igaro dira, eta taldean aldaketa asko egon badira ere, gaur egun "batutako talde" bat bezala definitzen dute ZAEko neskek beren kuadrilla. Ahizpek aditzera eman dutenez, "hasieratik lauk bakarrik" jarraitzen dute egun taldean, eta horrek, beren artean taldea egitera behartu dituzte etengabe. 

Helburu hori, ordea, pixkanaka-pixkanaka lortzen ari direla gaineratu dute, eta "arraunketa egokia" bilatuta, garaipenen atzean dagoen sekretua horixe dela. "Egun batuta gaude, eta horrek momentu txarretan segurtasuna ematen digu, Bilbon bezala". Izan ere, azken estropadan, ziabogan hirugarren zihoazen Enbata ontziko neskak, eta hala amaituz gero, bigarrenak izango ziratekeen sailkapen orokorrean. "Barruko indar guztiak aterata lortu genuen denborak hobetzea", gaineratu dute. 

Etxetik edana

Maddi eta Ane hasieratik daude taldean; Saioa, berriz, duela bi urte batu zen Enbata-ra. Hala eta guztiz ere, ez dira arraunarekin lotura izan duten familiako kide bakarrak. Aitona, Joxe Makazaga, klubeko presidentea izan zen hainbat urtez, eta biloben hitzetan, "bera izan zen etxean arrauna sartu zuena". 2014ko azaroan hil zen, baina lortutakoak ikusiz gero "erabat harro" sentituko zatekeela azaldu dute hiru ahizpek. 

"Oso harro egongo zatekeen, baina ez liga irabazteagatik bakarrik; batez ere Zarauzko Ikurrina irabazi genuelako. Egun hartako malkorik gehienak beragatik izan ziren, oso presente eduki genuen. Dena dela, gure aitona pozik egongo zatekeen ZAEn emakumezkoen trainerua dugula jakinda bakarrik", diote hunkituta neskek. 

Gustura gelditzea helburu

Liga amaitu berritan, nolabaiteko atsedenaz gozatzen ari dira Zarauzko arraunlariak, baina ez luzarorako, hitzordu garrantzitsuak baitituzte aurretik irailean: play-off estropadak eta Kontxako Banderarako sailkapen estropada. "Orain dator politena, baina baita gogorrena ere, eta horrek presioa eragiten du", eman dute aditzera Makazaga ahizpek. Izan ere, jendeak lortutakoaz disfrutatzeko esaten badie ere, lanak oraindik amaitu gabe daudela sentitzen dute beraiek: "Orain artekoa egin dugu, baina gehiago lortu nahi dugu, ez baitira urtero horrelako aukerak suertatzen". 

Hori horrela izanda, egiten dutenarekin "gustura" gelditzea eta prozesuaz "gozatzea" dute xede nagusitzat. Eta Juanjo Etxarte entrenatzaileak esandakoak gogoratu dituzte: "Orain arte egindako borroka irabazi dugu, eta orain beste bat dugu aurretik, maila bat gorago dagoena". Zer gertatuko den jakin gabe, datorrenari aurre egiteko gogorik ez zaie faltako ZAEko emakumeei. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide