Merezitako harrera, merezitako ligari

Intza Trula 2025ko abu. 24a, 10:00

ETE liga irabazi berritan, herritarren omenaldi beroa jaso zuen atzo iluntzean ZAEko nesken traineruak. Denboraldi honetan eskuratutako zazpi banderak astindu zituzten, baita ligako txapeldunarena ere.

Bilbotik heldu bezain pronto jaso zuen herritarren ongietorria Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoen traineruak. ETE liga irabazi dute, eta merezitako harrera beroa jaso zuten atzo iluntzean, udaletxean zein Musika Plazan.

Zazpi bandera irabazi dituzte denboraldi honetan, eta guztiak astindu zituzten atzoko ospakizunean: IV. Real Astillero de Guarnizo Bandera, Adinberri Bandera - XII. Pasaiako Ikurrina, Sestaoko Udalaren Bandera 2025, Zumaiako Emakumezkoen Estropada VIII. Ikurrina, IV. Hernaniko Bandera, IV. Camargoko Bandera eta Zarauzko Arraun Elkartearen V. Ikurrina eskuratu dituzte. Horiez aparte, atzokoan gogotsu altxatu zuten ligako txapeldunaren bandera ere.

20:00etan ziren heltzekoak arraunlariak Lege Zaharren Enparantzara, eta hamar minutu lehenago herritar ugari bildu zen bertan, ZAEko kamisetak soinean zituztela. Txapeldunekin egin zuten Musika Plazarainoko bidea, txistulariek lagunduta. Bertan ere jendetza zuten zain, ospakizunarekin jarraitzeko. Ohikoa den moduan, udaletxeko balkoian amaitu zen festa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide