Txiki eta Otaegiren olanarekin argazkia atera dute hainbat lagunek Azken Portun

Julene Frantzesena 2025ko abu. 13a, 08:06

Txiki eta Otaegiren olana zabaldu dute SKAPAko jaietan. (Sortu)

Joan zen ostiralean Txiki eta Otaegi ageri ziren olana zabaldu zuen ezker abertzaleak Santa Barbara mendian. Zarauzko Udalak kendu zuen hura, landa eremuan jarri zutela argudiatuta. Olana berreskuratu eta Azken Portun harekin argazkia atera zuten atzo hainbat lagunek. Sortuk azaldu duenez, Zarauzko Udalaren aitortza falta zaie Txikiri eta Otaegiri.

Joan zen asteburuan,  ezker abertzaleko hainbat ekintzailek Santa Barbaran jarri zuten eta 24 orduren buruan Zarauzko Udalak kendu zuen olana SKAPAko jaietan zabaldu dute berriro. Hain zuzen ere, Francoren erregimenak hildako Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak ageri ziren olana berreskuratu eta harekin argazkia atera zuten hainbat lagunek atzo arratsaldean Azken Portuko Plaza Gorrian.

Sortuk ohar bat argitaratu du ekintza horren harira, eta esan du Txikik eta Otaegik herriaren aitortza baldin badute ere, Zarauzko Udalarena falta zaiela, "egunotan argi geratu denez". Izan ere, udalak olana eskegi eta 24 ordu igarotzerako kendu zuen, landa ingurune batean zegoela argudiatuta.

Irailaren 27an 50 urte beteko dira frankismoak Txiki, Otaegi eta FRAPeko beste hiru kide fusilatu zituela. Sortuk azaldu duenez, Txiki eta Otaegi diktadura frankistaren aurka egin zuten bi euskal borrokalari izan ziren, eta bi fusilatuek nahiz frankismoari aurre egin zieten herritar guztiek behar lukete aitortza instituzionala, are gehiago "frankismoari aurre eginez" hil baldin baziren.

Sortuk azaldu duenez, Santa Barbarako haitzartetik kendu zuten olana, baina han utzi zuten, botata, "zaborra balitz bezala". Hain zuzen ere, atzo olana hartu eta Azken Portuko plazan zabaldu zuten, eta hainbat herritarrek atera zuten harekin argazkia. Sorturen hitzetan, ekintza horrekin Txikiren senideei babesa adierazi diete zarauztar hainbatek.

Gertatutakoa salatu du

EAJk eta PSE-EEk Txiki eta Otaegiren oroimenarekin izan duten jarrera salatu du Sortuk. Alderdi horrek gogorarazi du Iñigo Urkullu buru zuen Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu zituela biak ala biak 2012an, eta orduko hartan aitortza egin zuena EAJ izan zela adierazi du, asteburuan olana kendu duen Udal Gobernuan den alderdia ere halaxe izan dela adierazita.

Halaber, Sortuk gogorarazi du Espainiako Gobernuak oraintsu aitortu duela ofizialki Txikirekin eta Otaegirekin batera hil zuten Xoxe Humberto Baena miitantearen fusilaketa baliogabea eta zilegitasun gabea izan zela. "PSOEkoa da gobernu HORI, Zarauzkoa bezala. Iraingarria da frankismoaren bi biktimaren oroimenak mina eragiten duela esatea". Halaber, Sortuk esan du ekintza horiekin argi utzi dutela "beste behin" lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daudela.

Alerdiaren ustez, Espainiako Trantsizioan "ondo lotuta" utzi zutela dena, "Euskal Herriari bere nazio izaera ukatu eta Espainiaren batasunari indarrez eusteko". Sorturen ustez, "ondo lotuta utzi zuten korapiloa" askatzeko garaia da, hau da, Euskal Herriari dagozkion eskubideak aitortzekoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide