Txiki eta Otaegiren oroimenez Santa Barbaran jarritako olana kendu dute

Julene Frantzesena 2025ko abu. 9a, 13:26

Santa Barbararen magalean ikus zitekeen olana atzo. (Utzitakoa)

Atzo agertu zen Francoren erregimenak 1975ean hil zituen Txiki zarauztar eta Otaegi nuarbetar etakideen irudiak zituen olana, Santa Barbarako haitzartean. Gaur goizean kendu egin dute. Inaxio Illarramendi zinegotziak azaldu duenez, udalak kendu du olana.

Francoren erregimenak hildako Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi etakideak ageri ziren olana handi bat agertu zen atzo Zarauzko Santa Barbara mendiaren hegalean dagoen haitzartean. Gaur, berriz, jarri zutenetik 24 ordu igaro baino lehenago, hura kendu dutela salatu dute hainbat lagunek sare sozialetan.

Olana goizean goiz kendu dute, eta Guka saiatu da Zarauzko Udalarekin hitz egiten, olana nork kendu duen jakiteko. Erakunde horrek Gukari baieztatu dionez, ez dute udaleko brigadakoek kendu. Dena den, Inaxio Illarramendi zinegotziak Joseba Permachi erantzun dio X sare sozialean, eta hark baieztatu du olana udalak kendu duela. Zehaztu du, gainera, zergatik kendu duten: "Udalak pankarta kendu du landa ingurune batean zegoelako. Berdin jokatuko genuke beste edozein aldarrikapenekin edo oroigarrirekin, nahiz eta horiekin bat etorri".

Azpeitian ere ikus daiteke halako olana bat; duela aste batzuetatik dago eskegita Eskuzta pareko –herri sarreran– haitzarte batean. Ezer Abertzaleak jarri ditu horiek, herri batean, nahiz bestean.

Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Juan Paredes Manot Txiki zarauztar eta Angel Otaegi nuarbetar ETAko kideak zein FRAPeko beste hiru kide –Humberto Baena, Jose Lusi Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz– fusilatu zituela. Urteurren hori oroitzeko pankarta handi bat jarri zuten, hain zuzen, Santa Barbaran.

Erreakzio soka

Olana kendu izanak erreakzio soka eragin du sare sozialetan. Txikiren anaia Diego Paredes izan da olana erretiratu izana salatu duen lagunetako bat. Hala esan du hark: "Frankistek fusilatu zituzten, eta frankisten ondorengoek haien memoria ezabatu nahi dute".

Joseba Permachek ere X sare soziala baliatu du udalaren erabakiaren aurkako iritzia emateko. Hark esan du Txiki eta Otaegi biktimak direla –hala aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak 2012an–. "Hamahiru urte geroago, haien oroimenez jarritako oroigarria kendu dute. Berriz agerian geratu da bigarren mailako biktimak daudela gure herrian".

Halaber, EH Bilduko hainbat kidek ere idatzi dute horri buruz, Unai Urruzuko Politika Institituzionaleko arduradunak, besteren artean. Haren hitzetan, Txikiren eta Otaegiren irudiaren kontra egin dutenak dira "Manzanas torturatzaileari edota Perret mertzenarioari ohorezkoa lekua" eman diotenak, "biizikidetzaz ahoa betetzen" zaienek. "Sentitzen dugu, baina guztiok dugu nor gogoratu erabakitzeko eskubidea".

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere izan du gaia hizpide, Imanol Lasa EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko kideari erantzunez. "PPk edo Voxek frankismoaren azken fusilatuen memoria –eta, ondorioz, erresistentzia antifaxista bera– kriminalizatzea aurreikusgarria da. Tristeena –eta etsigarriena– diskurtso hori bera abertzale baten ahotan entzutea da".

Hain zuzen ere, Lasak X sare sozialean Rodriguezi erantzun dio Txikik eta frankismoaren biktimen errespetua merezi dutela esanez, baina hark ezker abertzaleari Zarauzko pankartaren auzia "manipulatzea" egotzi dio. "Santa Barbara gehiegitan erabili du ezker abertzaleak ETAko presoen aldeko pankartak jartzeko, eta hala, biktimei min egin. Debekatutako zerbait, ezabatzea asko kostatu zena". Hark, gainera, Sorturi leporatu dio biktimak eta biktimarioak nahiz frankismoa eta demokrazia nahastu nahi izatea, "herri honek sufritutako biolentzia zuritzeko" xedez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide