"Pena litzateke enpresen esku uztea Zarauzko estropadan balizak jartzearen lana"

Kris Fernandez 2025ko abu. 5a, 18:08

Jesus Mari Garmendia, Jon Alberdi eta Aitor Jauregi, Zarauzko estropadan balizak jartzearen arduradunak.

Balizak estropada egiten den itsaso eremua mugatzen duten bolak dira. Baina bola horiek jartzearen atzean lan andana dago, eta horiek ondo jartzea ez da edonork egin dezakeen zerbait. Ia estropada guztietan enpresa pribatuek egiten duten lana izan arren, Zarautzen arraun elkarteko boluntarioek dute zeregin horren ardura. Jesus Mari Garmendia, Jon Alberdi eta Aitor Jauregi dira horietako hiru. Arraun gehigarri bereziko edukia da honako hau.

Noiz eta nola hasi zineten balizak jartzen?

JON ALBERDI: Zerbait progresiboa izan zen. Garai batean, udaleko langileak hasi ziren balizak jartzen, horretarako ontzia zutelako. Haiek ardura hori uzten joan ziren heinean, seme-alabek eta lagunek hartu zuten lekukoa. TKE liga herrira iritsi zenean, ordea, zeregin hori arraun elkarteak gauzatu behar zuela iruditu zitzaien. Hala, klubaren bueltan ibiltzen ginen pertsona batzuk hasi ginen, eta gaur egun talde nahiko handia aritzen gara balizak jartzen.

AITOR JAUREGI: Ni arraunlaria izandakoa naiz, eta azkenean, arraunaren bueltan gauzak egiten jarraitu dut, kasu honetan, balizak jartzen.

Nola egiten duzue? Ur azpira sartu behar izaten al duzue?

J.A.: Ez, ur gainetik egiten dugu guztia. Txalupan joaten gara GPSa eskuan dugula, eta badakigu aingura bakoitzak izan behar duen posizioa. Aingurak botatzen ditugu, eta horietako bakoitzak hiru beso ditu; horien azpitik bota behar dugu soka, eta dena ondo lotu.

A.J.: Baliza bakoitzetik 50 metro ingurura hiru aingura jartzen ditugu, Y hizkiaren irudia sortuz. Baliza mugitzeko, mugitu nahi duzun kokalekuaren arabera, aingura horietako bat mugitu edo tenkatu behar duzu. Aingura balizaren azpi-azpian botako bagenu, asko mugituko litzateke. Gainera, estropadak irauten duen bitartean ez dela mugituko ziurtatu behar dugu.

JESUS MARI GARMENDIA: Aingurak dituen bizpahiru atzapar horiek etzanda geratu behar dute, bestela uretatik irtengo lirateke, eta sokak solte geratuz gero, traineruei traba egingo liekete.

Itsasoa bare badago, errazagoa izango da lana, baina zer gertatzen da itsaso zakarrarekin?

J.M.G.: Duela urte batzuk itsasoak hondarra ekarri zuen, eta ordutik, sakonera txikiagoa du urak leku batean. Zenbat eta sakonera txikiagoa izan, orduan eta olatu handiagoa sortzen da, olatu hori lehertu egiten da, eta arriskua areagotzen da. Horregatik, 100-200 metro atzeratu genuen estropada jokatzeko eremua.

Lan milimetrikoa izan behar du, beraz. Ikasketarik edo laguntzarik behar al da horretarako?

J.M.G.: Ikasi egin behar izan genuen balizak jartzen; izan ere, garai batean lehorrean hartzen zituzten puntuak, eta horien arabera jarri balizak urtean. Gaur egun, ordea, GPS sistemak asko erraztu du lana. 24 baliza eta 24 aingura botatzen ditugu, eta aingura horiek ere GPSak dituzte; modu horretan, askoz ere zehatzago jartzen dira balizak, teorian behintzat. Itsasoan aritutakoa naiz, eta ikasi bertan egiten da gehienbat –nola egin lokarriak eta gainerakoak–, baina ez da ikasketa berezirik behar.

A.J.: Hasieran zeregin zaila ematen du, baina irakasten dizuten heinean, ohartzen zara uste baino errazagoa dela. Zenbat kate, sokak, distantziak... jakin behar duzu.

J.A.: Egitea erraza da, zehaztasunez egitea da zaila. Marea igo egiten dela, itsasoa zakar dagoela... horiek kontrolatzean dago gakoa. Kontuan hartu behar da, gainera, marea bi alditan igotzen dela; dena prest uzten dugunetik estropada hasten den arte itsasoa lau metro jaitsi edo igotzen da. Oso tenkatuta jarri badituzu balizak, marea igotzean errotik ateratzen ditu; alderantziz egin baduzu, berriz, marea jaistean, lekuz aldatzen dira balizak. Momentuan ondo jartzen ditugu, baina, gero, epailea etortzen da, eta azken orduko erregulazioak egin behar izaten ditugu.

"Hasieran zaila ematen du, baina erakusten dizuten heinean, uste baino errazagoa da"

Ikusleek baloratzen duten lana dela uste al duzue?

J.M.G.: Teknikari asko dago estropaden inguruan... Nik, adibidez, futbolaz ez dakit ezer, baina 22 gizon korrika ikusten ditut baloi baten atzetik eta 40.000 aditu haiei begira.

J.A.: Ezjakintasun handia dago arraunaren bueltan. Ia arlo guztietan bezala, ona ez da esaten, eta txarra aldiz, gehiegi.

Zarauzko estropadak bi egunetan egiten dira. Zuek gozatzeko tarterik izaten al duzue?

J.A.: Bai zera! Kontuan hartu behar da bi egunetan egiten dela Zarauzko estropada, eta arratsalde batean amaituz gero, hurrengo goizean berriro izaten dela saioa. Noski, marea gora eta behera ibiltzen da tarte horretan, eta horrek aldaketak eragiten ditu. Joan, banderak ondo daudela begiratu, publizitateak ere finkatu...

J.M.G.: Ezinezkoa da estropadaz gozatzea, lehorretik pasatzen dituzten mezuei adi egon behar izaten dugulako, beste herrietatik etortzen diren ontziek mugak errespeta ditzatela ziurtatu behar dugulako... Eremua zaindu behar izaten dugu, eta estropada apenas ikusten dugu.

A.J.: Are gehiago, askotan, estropada amaitutakoan izaten dugu emaitzaren berri.

Belaunaldi berriak erreleboa hartzeko prest al daude?

J.M.G.: Borondatez egiten dugu lana, musu truk, eta horretarako prest gero eta jende gutxiago dago. Baina ez da arraunean gertatzen den zerbait, gaur egun arlo gehienetan dagoen arazoa dela uste dut.

J.A.: Pena litzateke enpresen esku uztea Zarauzko estropadan balizak jartzearen lana...

J.M.G.: Profesionalek egiten dituzten akats berdinak edo antzekoak egin izan ditugu. Itsasoa itsasoa da, eta ezin dugu erabat kontrolatu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide