Gaur eguerdian bota dute herriko gaztetxoenek sanpelaioetako lehen suziria. Zehazki, Janitz Azpiroz aurtengo Haurren Agerraldiko Danbor Nagusia arduratu da horretaz, udaletxean egindako ekitaldian makila jaso ostean Xabier Txurruka alkatearen eskutik. Halaber, bertan izan dira arratsaldeko danborradan zuzendari modura arituko diren gainontzeko gazteak ere.
Azpirozek azaldutakoaren arabera, Zarauzko festa "garrantzitsuenetako bat" dira sanpelaioak, eta horregatik, "pozik bezain urduri" dago Zuzendari Nagusi delako. Entseguekin buru-belarri zebiltzala jakin zuen Azpirozek ardura hori izango zuela, "azken aurrekoan", zehatzago esanda. Horregatik, gauzak "ahalik eta hoberen" egiten saiatu dela adierazi du.
Bideoak Azpirozen adierazpenak jasotzeaz gain, eguerdiko kalejirako irudiak ere jasotzen ditu.