ETE liga bikain hasi dute Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) neskek, aurreneko bi jardunaldiak irabazi baitituzte asteburuan. Aurrenekoa larunbatean Astilleron (Espainia) erlojuaren kontra, eta bigarrena, atzo Pasaian (Gipuzkoa) errioan. Lana gogor egin eta banderak etxeratuta, herritarrek merezitako harrera egin zieten atzo iluntzean. 19:00etan jende dezente elkartu zen Lege Zaharren Enparantzan, eta txistulariek lagunduta, kalejira egin zuten Kale Nagusitik barrena Musika Plazara arte. Han kioskoan banderak astindu, talde argazkia atera, eta udaletxera jarraitu zuten.
Arraunlariek pozarren egin zuten bidea banderekin, eta herritar batek baino gehiagok oihukatu zien "aupa Zarautz" nahiz "aupa Enbata".
Udaletxe aurrean zituzten zain EAJko udal gobernuko kideak, alkatea buru, baita EH Bilduko hainbat zinegotzi ere. Udalbatzar aretoan talde argazkia atera, eta arraunlariek banderak astindu zituzten balkoira banan-banan irtenda, zaleen txalo artean. Balkoian eskegita gelditu ziren trapu preziatuak.
Harreraren atarian, Guka telebistak protagonistetako birekin egoteko aukera izan zuen, Juanjo Etxarte entrenatzailearekin eta Irati Zubeldia arraunlariarekin, eta horien adierazpenak albiste honetako bideoan daude ikusgai.