Txerrikale giroan, Zirrin-zarran, Diana bals, Haurkari eta O Zarautz maite. Danbor hotsez entzuten dira dagoeneko pieza ezagunak herrian; arratsaldeetan, Zinema pilotalekuan, haurren entsegu gartsuen bozgorailu, eta iluntzeetan, Lizardi institutuko jolastokian, helduen festarako oihartzun gisa. Sanpelaioak bertan dira, eta Pelaioren ereserkirako eztarriak afinatzeaz gain, danborradarako fin-fin ari dira trebatzen, guztia zoragarri atera dadin.
Gainera, aurten berritasunak daude helduen danborradan: Galtxagorri elkartea gehitu da egitasmora, eta aurrerantzean hamabost talde ariko dira danborrak eta barrikak astintzen: Alkartasuna, Udaberri, Arrano, Cachi Bachi, Urpekoak, Zurbaran, Batzokia, Ongi Etorri, Iñurritza, Arkaitz Mendi, Itxasmendi, Kaya, Galeperra, Carballeira eta Galtxagorri.
"Bageneraman denboratxo bat elkar zirikatzen ea danborradan aterako ginen ala ez galdetzen. Aurten lortu dugu taldea osatzea, eta oso gustura gaude", nabarmendu du Galtxagorriko kide Belen Uzinek. Talde txiki bat osatu dute guztia behar bezala antolatzeko eta gauzak erabakitzeko: "Azkenean, lan pixka bat badago honen atzean, eta zehaztu egin behar da nork hartu behar dituen ardurak".
Festen atarian, "urduri eta gogotsu" daudela aitortu dute: "Gure aurtengo helburua lortu dugunez gero, hau da, danborradan ateratzea, eguna iristeko irrikaz gaude".
Zuzendariaren papera
Aiora Palacin izango da Galtxagorri taldeko zuzendaria; erantzukizun ederra bezain mardula, estreinako urtea dela kontuan izanda. "Haur garaian, zuzendari gisa atera nintzen nire azken urtean, baina harrezkero ez naiz irten danborradan, ez zuzendari gisa, ezta danborra jotzen ere. Beraz, nahiko urduri nago", adierazi du, une berezirako egun batzuk falta direla.
Entseguak aurrera doaz, eta zuzendariaren rola betetzea "zaila" dela iritzi badio ere, zeregin "polita" ere badela aitortu du Palacinek. Entseguetan galdu samar dabiltzala aditzera eman dute Galtxagorriko bi kideek, hasiberriak direlako agian, eta gainerako elkarteek duten eskarmentua falta zaielako, baina ziur daude pieza guztiak ongi ikasita eramango dituztela San Pelaio bezperako festara. "Konpainia oso ona tokatu zait, eta kide guztiak dena emateko prest daude, gozatzeko desiratzen!", nabarmendu du zuzendariak.
Elkarte guztien jantziak patroi berekoak dira. Guztiek daramate txalekoa eta txapela, eta normalean aldatzen den bakarra koloreen uztarketa izaten da. Bakoitzak bereak ditu, kontu handiz aukeratuak, elkarrengandik bereizgarri direnak. "Begira aritu ginen, beste taldeek zer kolore konbinazio erabiltzen dituzten jakiteko. Guk argi geneukan, Galtxagorri taldea izanda, kolore gorriak presente egon behar zuela. Eztabaida ere izan genuen; ez ginen ados jartzen galtzek ere gorriak izan behar zuten ala ez erabakitzerakoan. Azkenean, oraingoz, txaleko eta txapel gorriak eramango ditugu, eta galtza bakeroak jantziko ditugu. Galtza gorrien aukera irekita utzi dugu datozen urteetarako", nabarmendu du Uzinek.
Urduri eta pozarren
Danborradako ordezkariek Udaberri elkarteko Pedro Chicori emango diote aurten San Pelaio makila, urte luzez egindako lana aitortzeko. Apur bat urduri dago egun handirako, baina beste elkarteen aldetik makila jasotzea "zoragarria" dela aitortu du: "Ez nuen sekula pentsatu niri emango zidatenik. Beraz, egundoko poza izan da niretzat".
San Pelaio jaietako ekitaldi guztiak ditu gustuko Chicok, baina festa egunak ez ditu irudikatzen danborradarik gabe. "Niretzako hori da unerik bereziena!". Helduen danborrada estreinakoz egin zenetik, 25 urte beteko dira aurten. Gogoan du hori, nahiz eta badakien ez dela 25. ekitaldia izango; pandemia garaian ez zen egin.
Udaberri taldea 30 lagunek osatzen dute: "Eskerrak gazte jendea etorri zaigun. Normalean, hemeretzi izaten gara taldean, eta gero kanpokoak gehitzen zaizkigu".
Aurten, bozgorailurik ez dute erabiliko helduen danborrada girotzeko; zuzeneko musika izango dute zehaztutako ibilbideetan. Hamabost taldeak, hiru taldetan banatuta, 23:00etan abiatuko dira kalez kale, Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangak lagun dituztela. 23:45ean, Lege Zaharren Enparantzan elkartuko dira guztiak, eta San Pelaio makila emango diote Pedro Chicori. Gauerdian, bandera igoerarekin, txupinazoarekin eta Pelaioren ereserkiarekin lehertuko da festa.