Ikuskizuna bermatuta izaten da Zarauzko Triatloian, eta atzokoan bistako izan zen: hondartzan, Nafarroa kalean, San Blasko igoeran, Alde Zaharrean eta izkina guztietan. Euri langarra ez zen oztopo izan, triatloiaren festa urtero ospatzen da, baldintza klimatologikoak aldeko zein kontrako izan. 750 triatleta guztia ematen, bakoitza bere erronka pertsonala betetzen, eta herri oso bat haiei babesa ematen. Guillem Montielek eta Alanis Siffertek irabazi dute aurtengo ekitaldia, egundoko erakustaldia eskainita; Jokin Lizeaga izan da zarauztarren artean bizkorrena gizonezkoetan, eta Nahia Eizagirre emakumezkoetan.