Beñat Jauregi eta Enara Markaide: "Zaleen aurrean, etxean, garaikurra altxatzea oso berezia izan da"

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 5a, 10:00

Graficas Juaristi ZKE saskibaloi taldeak Euskal Ligako lehen maila igotzea lortu du, eta Beñat Jauregi (Zarautz, 1992) entrenatzailea eta Enara Markaide (Zarautz, 1997) kapitaina gustura agertu dira.

Euskal Ligako lehen mailara igotzea lortu du Graficas Juaristi saskibaloiko emakumeen lehen taldeak. Lorpen historikoa da, zalantzarik gabe.

Beñat Jauregi: Ez dakit historikoa den, baina lehen aldia da halako zerbait lortzen dugula. Azpiko kategorietatik hasi eta gero, bilakaera oso garrantzitsua izan du taldeak, eta, egia esan, oso gustura gaude.

Enara Markaide: Nik, behintzat, antzekorik ez dut ezagutu aurretik, eta badaramatzat urte batzuk klubean. Historikoa? Taldekideontzat, noski baietz.

Denboraldi hasieran pentsatzen al zenuten amets hau betetzea posible izan zitekeenik?

B.J.: Irudikatzen genuen, nolabait. 2023-2024an denboraldi oso ona osatu genuen, baina lesioak zirela medio, finala galdu genuen, eta, azkenean, justu-justugatik igoerak ihes egin zigun. Aurten, helburua garbi zehaztu gabe, bagenekien igoera lortzeko borrokan egon gintezkeela, horretarako taldea bageneukalako. Agian, ez genuen espero horren aise lortzea.

E.M.: Liga irabazi eta mailaz igotzea bazen gure xede nagusia. Guztiok geneukan gogo eta ilusio hori, eta motibazio horrek ere ahalbidetu du hau guztia posible izatea.

Iazko jauzia kontuan izanda, mentalitate aldaketa bat egon al da taldean?

B.J.: Joan zen denboraldian, nahigabe-edo ongi kokatu ginen lehen postuetan. Gero, lesioengatik bajak eduki genituen, baina taldea oso langile aritu zen, eta inork aipatzen ez bazuen ere, guztion buruetan igoera zegoen. Iazko urte amaiera gogor horrek uste dut lagundu egin zigula mentalitatea aldatzen eta gure jokoan sinesten.

Aurtengo denboraldira itzulita, zer faktore izan dira giltzarri helburua lortzeko?

E.M.: Taldearen nukleoa mantendu egin da, hau da, iazko jokalari guztiok jarraitu dugu, eta horrek bere garrantzia du. Izan ere, guztiok dakigu bakoitzak nola jokatzen duen, eta hori kantxa barruan antzeman egiten da.

Duela hilabete jokatu zenuten Aritzbatalden, Navasketen aurka, eta orduan altxa zenuten ligako txapeldunaren garaikurra zaleen aurrean. Nola oroitzen duzu une hura?

E.M.: Aurreko jardunalditik bagenekien ligako txapeldunak ginela, eta Aritzbataldekoa izan zen gure zaleekin, etxean, ospatzeko momentua. Navasketen aurkako partida jokatu ondoren egin genuen ospakizuna.

B.J.: Luxua izan da aurtengoa. Mailaz igotzeaz gain, denboraldia bukatu baino hiru aste lehenago lortu genuen igoera. Ondoren, ospatzeko hainbat aukera izan ditugu, eta horietako bat zaleen aurrean garaikurra altxatzea izan da; niretzako oso berezia izan zen.

Baina aurten zer gertatu da horren aise irabazteko? Ez duzue aurkaririk izan ala?

B.J.: Iaz izan ez genuen zortea izan dugu: lesioek errespetatu egin gaituzte orokorrean. Gisa horretan, urte osoan zehar hamar jokalariz osatutako entrenamendu taldea izan dugu, eta lan egiteko orduan abantaila ikaragarria izan da hori niretzako. Zentzu horretan, partidak prestatzeko aukera asko neuzkan, eta, halaber, jokalarien maila zein konpromisoa itzelak izan dira. Horrek guztiak ahalbideratu du gure denboraldi ona. Bestalde, Maria Artetxek jokalari baloratuenaren saria jaso du, eta zuk, Beñat, entrenatzaile onenarena.

Sari indibidualak dira, baina talde kutsua dute, ezta?

B.J.: Bai, dudarik gabe. Entrenatzaile onena naizen ala ez, hori subjektiboa da. Bakoitzak bere taldea gidatzen du, bere lan egiteko moduarekin, eta ez diet horrenbesteko arreta jartzen nor den hobea bezalako kontuei. Entrenatzaileok geure artean erabakitzen dugu saria nori eman, elkarri bozkatuz, eta aitortza polita da. Baina taldeak ez balu erakutsi duen konpromisoa, ezinezkoa izango zen aitortza hori jasotzea.

Entrenatzailearen ahotsa kantxan, kapitaina omen da.

E.M.: Kapitainak jokoaren ikuspena entrenatzailearekin partekatu behar du, kantxa barruan ez ezik, baita kanpoan ere. Alegia, jokalarien jokoa aztertu, entrenamenduen ondoren zer dagoen ondo eta zer gaizki baloratu, zertan lagundu dezakegun ikusi... Zazpi urte eta gero osatu dugun lagunarteko harremana oso estua izan da, eta horrek bere fruituak eman ditu.

Orain, bakoitzak bere bidetik jarraitu beharko du. Izan ere, gizonezkoen lehen taldea entrenatuko duzu aurrerantzean, Beñat.

B.J.: Zazpi urte eta gero, pena handiz, baina agur esateko unea iritsi zait. Iaz ere zalantzak izan nituen, baina aurrera jarraitzea erabaki nuen. Orain erronka berri bat suertatu zait, eta horri helduko diot. Ezberdina izango da teknikoki eta taktikoki, baina prest ikusten naiz eta gogoz nago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide