Gesalaga Okelanek irabazi du Euskadiko Autore Hanburgesen III. Lehiaketa

Maddi Txintxurreta

Euskadiko Autore Hanburgesen III. Lehiaketako saridunak.

Hanburgesa tradizional onena egiteagatik saritu zuten Zarauzko etxea igandean Amurrion egin zuten lehiaketan.

Gesalaga Okelanek Euskadiko Autore Hanburgesen III. Lehiaketa irabazi du. Igandean egin zuten txapelketa Amurrion (Araba), eta Zarauzko etxea 50 parte hartzaileren artean gailendu zen hanburgesa tradizionalaren kategorian.

Aselcar, Harakinak Gipuzkoa eta Okelbiz harategi eta txerriki elkarteek antolatu zuten lehiaketaren baitan, bi kategoriatan lehiatu ziren Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 50 profesional: hanburgesa tradizionala eta berritzailea. Hala, lehiakide bakoitzak sei hamburgesa aurkeztu zituen Amurrion, eta bertan prestatu zituen horiek, epaimahaikideek dasta zitzaten.

Hanburgesa tradizionalaren kategorian, haragia, baratxuria, arrautza, perrexila eta gatza ziren baimendutako osagai bakarrak, eta Zarauzko Gesalaga Okelanek prestatutakoa izan zen onena, epaimahaikideen iritziz. Jesus Uruñak jaso zuen txapela.

Hanburgesa berritzailearen kategorian, berriz, Zallako Juantxu harategia izendatu zuten txapeldun. Ibarrako piperminarekin eta Idiazabal gaztarekin egin zuen hanburgesa Bizkaiko harategiak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide