Euskadiko Halterofilia Txapelketa jokatu dute asteburuan Zarautzen, eta Alvaro Jimenezek eta Alazne Gomezek irabazi dute sariketa. Larunbat arratsaldean jokatu zuten proba Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako halterofilo onenak lehiatu ziren, tartean Zarautz Kirol Elkarteko Miren Galarraga eta Ane Grijalba.
Gizonen txandarekin hasi zuten lehia, eta bertan hamabost halterofilok parte hartu zuten. Bi orduko saioaren ostean, Alvaro Jimenez arabarrak lortu zuen garaipena, guztira 348 kilo altxatuta. Kristian Labaka gipuzkoarrarentzat izan zen bigarren postua, 336 kilo altxatu ondoren. Eta hirugarren postuan, aldiz, Jokin Ramos bizkaitarra geratu zen, guztira 313 kiloko markarekin.
Emakumeen txanda, berriz, 18:00etan hasi zen, eta guztira 11 halterofilo lehiatu ziren. Podiuma hiru emakume bizkaitarrek osatu zuten: lehen postua Alazne Gomezek eskuratu zuen, guztira 240 kilo altxatu ostean; bigarren postua Maite Uriarterentzat izan zen, 213 kiloko markarekin; eta hirugarren postua, berriz, Andrea Fuentes eskuratu zuen, 211 kilo altxatuta. Hainbat izan ziren txapelketa ikustera bertaratu ziren herritarrak.