Javier Lucasek irabazi du 42. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa

Intza Trula 2024ko abe. 19a, 09:00

Aurten, guztira, hemeretzi establezimenduk apaindu dituzte beren erakusleihoak. Bigarren saria Optika Zarautz dendarentzat izan da, eta hirugarrena Dekoab dendak eskuratu du.

Gabonen atariko egin dute 42. Erakusleiho Lehiaketa, eta epaimahaiak horrela erabakita, Javier Lucas argazki dendak irabazi du aurtengo edizioa. Zarauzko Udaleko Turismo departamentuaren eta Murkil merkatarien elkartearen ekimenez egin dute lehiaketa, eta atzo eguerdian banatu zituzten sariak, pleno aretoan.

Aurtengo epaimahaia lau pertsonak osatu dute: Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Monika Gutierrez Artezaleak elkarteko ordezkariak, Gorka Ameztoy Murkil elkarteko presidenteak eta Amaia Larrañaga Transit dendako ordezkariak (iazko irabazlea).

Hori hala, Javier Lucas argazki dendak 800 euro eta garaikurra eskuratu ditu erakusleihoan egindako lanagatik. Bigarren eta hirugarren sariak (500 euro eta 300 euro), berriz, Optika Zarautz eta Dekoab dendek eraman dituzte, hurrenez hurren.

Guztira, hemeretzi establezimenduk parte hartu dute aurtengo lehiaketan: Liba Decoracion, Optika Zarautz, Cerrajeria Francesena, Javier Lucas, Seguros Occident, Ibaita, Josune Moda, Garmen, Zarautz Bike, Dekoab, Clinic @udio, Unai Garrastazu Optika, Sayalero, Maria Suinaga Ileapaindegia, Musas, Harea Organik, Optica Olaizola, Orizar eta Anthea.

Horrez gainera, dendarien elkarteak 100 euroko bost erosketa-bonu zozkatu ditu parte hartzaile guztien artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide