Dagoeneko salgai daude 'Ostirala iritsi da' emanaldirako sarrerak

Julene Sorarrain 2024ko abe. 16a, 15:30

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Aritzbatalde kiroldegian aurrez eskainitako emanaldia. (Guka)

Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen ikuskizunerako sarrerak eskuragarri daude Andatza kafetegian. Emanaldia abenduaren 30ean eskainiko dute, udal kiroldegian.

Haur Kultur Taldeak eta Zarauzko Udalak elkarlanean egitarau biribila prestatu dute Gabonetako oporraldirako. Abenduaren 30ean, astelehenarekin, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek Ostirala iritsi da ikuskizuna eskainiko dute udal kiroldegian. Bi saio emango dituzte, lehena 16:00etan hasita, eta bigarrena, aldiz, 18:30ean.

Emanaldian Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta bertaratutako lagunek, Txapas irakaslearekin batera, bere azken laneguna igaroko dute, elkarrekin ikasitakoa ospatuz. Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako.

Sarrerak salgai daude Andatza kafetegian, 7 eurotan, eta eskudirutan bakarrik ordaindu daitezke. Antolatzaileek jakinarazi dute aurretik sarrera guztiak salduko ez balira, emanaldiaren egunean kiroldegiko leihatilan 15:00etatik aurrera salgai izango direla. Sarreren inguruko informazioa nahi izanez gero, haurkulturtaldea@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide