Rikardo Arregi kazetaritza sarietako ohorezko mugarria jaso zuen atzo iluntzean Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak. Elhuyar zientzia aldizkariaren eta Uhin Ultramoreak zientzia eta teknologia ikuspuntu feministatik lantzen dituen podcastaren zuzendaritzako kidea da zarauztarra, eta hainbat hedabidetarako idazten du, hala nola Elhuyarren sareko atarirako nahiz Berria egunkarirako.
Saria eskuetan zuela, urduri jartzea lortu zutela esanez hasi zuen hitzartzea barre artean. Gainera, esker hitzak zituen batarentzat eta bestearentzat, eta zarauztarra sarietako epaimahaiari ere zuzendu zitzaion: "Eskerrik asko, hain arraroak izateagatik. Ezagutzen nauzuenok badakizue zenbat maite dudan arrarotasuna, baina arraroa da kazetaritza sari bat zientzian dabilen norbaiti ematea, ikusi besterik ez baitago zientziak zer leku gutxi izaten duen komunikabideetan, beste gai batzuekin alderatuta".
Gurasoentzat ere esker hitzak izan zituen; izan ere, hark azaldu zuenez, haiek "ahalegin handia" egin zutelako beraiei goi mailako ikasketak emateko. "Begira zer ondo egin zuten lana, inoiz ezbaitut galdu ikasteko gogoa".
Hona hemen Galarragak atzoko sarietan egin zuen hitzartzearen bideoa, Aiurri.eus ataritik ekarria:
Epaimahaiak Galarragak egiten duen ekarpenetik nabarmendu daitezkeen hiru eremu azpimarratu ditu, ohorezko mugarri izendatzeko arrazoi gisa: "Lehenik, desinformazioa nonahi dugun garai honetan zientzia dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen ahalegin eta ekoizpen aparta; bigarrenik, iparrorratz darabilen ikuspegi feminista, asko aurreratua dugun arren oraindik ere erresistentziak –erresistentzia eraberrituak– eragiten dituen gaia ere baden garaiotan; eta, hirugarrenik, komunikazio jarduna euskaraz eta zero kilometrotik egitea, gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan –prentsa, hitzaldiak, podcasta, plataforma digital komertzial zein libreak eta beste–".
Bi proiektu, sarituta
Andoaingo Bastero kulturgunean egin zuten sari entzutetsu horien banaketa ekitaldia, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik aurkeztuta. Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria jasotzeko launa hautagai ziren aurtengo edizioan, eta hurrenez hurren, Maite Asensio, Amaia Igartua eta Isabel Jaurena kazetariek Berria hedabidean argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sorta nahiz Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektua saritu zituzten. Elkarte horretako kide dira Edurne Agirre azpeitiarra eta Galder Gonzalez Zarauzko bizilaguna, eta atzo saria jasotzen izan ziren, beste hainbat kiderekin batera.
Besteak beste, Jon Artano kazetari zestoarrak idatzitako Juana liburua ere bazen hautagaien artean.